Prentsa Aretoa
2024/07/10
Udalak lizitaziora atera ditu Las Llanas zumarkalea eraberritzeko lanak
Proiektuak 3,5 milioi euroko aurrekontua du, eta 11 hilabeteko gauzatze-epea
Sestaoko Udalak datorren astean lizitaziora aterako du Las Llanas zumarkalea berrurbanizatzeko obren kontratua. Hirisarea hobetzeko jarduketa horrek bide garrantzitsu hori boulevard moderno bihurtu nahi du, irisgarritasuna lehenetsi eta oinezkoentzako leku gehiago izango duena.
Proiektua aurkezteko asteazkenean egindako prentsaurrekoan, Ainhoa Basabe alkateak azpimarratu du Las Llanas zumarkalea eraberritzeko “gogo bizia" dutela bai Udalak bai sestaoarrek, kalearen egoera txarra dela eta. Hala ere, proiektuak "atzerapena" daramala badakiela aitortu, eta horregatik barkamena eskatu du.
Gai horri dagokionez, alkateak azaldu duenez: "Aurretik konpondu behar izan ditugun hainbat arazo tekniko eta ekonomiko direla eta, orain arte ez dugu obra horri aurre egiterik izan", eta hauxe gaineratu du: “Hala ere, Las Llanas zumarkalea Gobernu Taldearen agendan egon da beti, sortu diren arazoak konpontzeko lan egin dugu eta asko pozten gara herritarrei obra honen hasiera errealitate izatetik gertu dagoela iragarri ahal izateaz".
Zaharberrituko den zatia Kasko plazaren eta hilerriko atearen artekoa da, eta 8.000 metro koadroko azalera hartzen du. Ainhoa Basaberen arabera, jarduera honen helburua "kalea altxatu eta berriro eraikitzea da, hiri-espazio moderno eta irisgarri bat sortzeko, protagonismoa ibilgailuei kendu eta oinezkoei emango dien espazio bat. Azken batean, Sestaoko kale nagusietako bat herritarren gozamenerako boulevard handia bihurtzea da asmoa".
Oinezkoentzako leku handiagoa
Alfonso Tapia Obra eta Eraikin eta Espazio Publikoen eta Mantentze-lanetako zinegotziak xehetasun handiagoz azaldu ditu jarduketa horren nondik norakoak. Ildo horretan, egingo den aldaketa "garrantzitsuenetako" bat orain dauden bi zirkulazio-erreietako bat kentzea izango dela azaldu du. Horrela, Las Llanas zumarkalean noranzko bakarreko zirkulazioa egongo da, Portugaletetik udalerriaren erdigunera sartzeko. "Horri esker, egungo bi espaloiak zabalduz, oinezkoentzako leku handiagoa eta pasabide zabalagoa sortuko dugu", adierazi du Tapiak.
Kalea altxatuko dela aprobetxatuz, saneamendu eta ur hornidura sareak aldatuko dira. Halaber, zuntz optikoko linea bat jarriko da kiroldegiari, ertzain-etxeari eta Las Llanas udal pilotalekuari zerbitzua emateko.
"Kalearen azpiko zerbitzuak berritu ondoren, espaloiak ere berreraikiko dira, kale horretan buruhauste gehien eragin dituen arazoetako bat konpontzeko: espaloiko zorua altxatzen duten zuhaitzen sustraiak. Galtzada ere asfaltatuko da eta argiak eta altzari berriak jarriko dira ", adierazi du Alfonso Tapiak. Inguruko merkataritzari zerbitzua emateko, zamalanetarako hiru gune prestatuko dira, hilerriaren ondoan, Futbol Zelaiaren aurrean eta Castaños Etxearen parean.
Gainera, Bizkaibusen autobus geltoki bat egongo da Las Llanas Udal Pilotalekuaren parean, gaur egun dagoenaren aurreko espaloian.
Portugaleteranzko Autobusak, Jauregibeitia Bidetik desbideratuta
Zirkulaziorako erreien kopurua bitik batera murriztuko direnez, egun Portugaleterako noranzkoan Las Llanas zumarkaletik doazen autobusak, Jaureguibeitiako bidetik desbideratuko dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren oniritziarekin. Hori dela eta, zenbait obra egin beharko dira bidean, autobusak errazago igarotzeko. Gainera, bi geltoki berri jarriko dira: bata Ertzaintzaren parean egongo da, eta bestea Correosen inguruan.
Las Llanas zumarkalea berrurbanizatzeko proiektuak 3,5 milioi euroko aurrekontua du, eta 11 hilabeteko gauzatze-epea. Udalak irailaren erdira arteko epea emango du obra egin nahi duten enpresek beren eskaintzak aurkez ditzaten. Lanak 2025. urtearen hasieran hasiz gero, baliteke datorren urtearen amaieran amaituta egotea.
Hilerriko atearen eta biribilgunearen arteko kale-zatiari dagokionez, proiektuak zirkulazio-errei bakarra sortzea aurreikusten du, Las Llanas zumarkaleko gainerako zatietan bezala, eta aparkalekuak jarriko dira erreiaren bi aldeetan.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/12/04
BERRIA
2024/12/03
BERRIA
2024/11/26
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14