SESTAO

Prentsa Aretoa

2024/06/17

100 ekitaldi inguruk osatzen dute San Pedro jaietarako programa

Sestaoko jaiak ostegun honetan hasi eta ekainaren 30ean bukatuko dira

rss Ezagutzera eman
100 ekitaldi inguruk osatzen dute San Pedro jaietarako programa

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak ekainaren 20tik (osteguna) ekainaren 30era (igandea) egingo diren San Pedro jaietarako egitaraua aurkeztu du. Carlos García de Andoin Kulturako zinegotziak prentsaurrekoan adierazi duenez, programa "ehun bat ekitaldik osatzen dute guztientzat pentsatuak, bizilagun zein bisitarientzat eta haur zein adinekoentzat". 

Azken urteotan ohikoa den bezala, udalerriaren erdialdean hainbat jai-esparru izango ditugu: Las Canteras aparkalekuan barrakak eta txosnak egongo dira; Kasko plazan kontzertuen agertokia; eta San Pedro plazan eta Begoñako Andra Mari ikastetxeko patioan, berriz, agertoki txikiagoak jarri dira formatu ertaineko beste musika-emanaldi batzuk eta bestelako ekitaldiak egiteko. 

Musika-kartela 

Aurten ere, Sestaok musika-eskaintza interesgarria aurkeztuko du, Ella Baila Sola, Izaro, Locomía, Bulego eta Zetak-en mailako artistak buru dituena. Emanaldi horiez gain, bi dantzaldi, Estoparen omenezko Destrangis taldea, rock kontzertuak, mariatxi-ikuskizun bat, Nafarroako eta Errioxako joten emanaldi bat, bilbainadak, boleroak, DJ-gau bat eta beste hainbat ezusteko programatu ditu Kultura Sailak. 

Herriko musikari asko ere beren ikusleen aurrean aritu ahal izango dira Sanpedro hauetan, hala nola Bilbosonido El Engendro Musical ikuskizuna eskainiz, El Despiste Fanfarria, Folketan, Julen Murga akordeoilaria, Los Cojones eta Azido Folklorikoa. 

Haurrek ikasturtea amaitu eta udako oporrak hasten dituzten garaian heltzen diren jaiek hainbat ekitaldi izango dituzte gure umeentzat: lau haur-parke, dantzaldi bat, karaoke bat eta magia-ikuskizun bat programatu dira, bai eta Sestaoko txikiei hainbeste gustatzen zaizkien erraldoi eta buruhandien ohiko kalejirak ere. 

Gaztelekuk nerabeentzako aisialdi-eskaintzaren zati handi bat bilduko du. Bertan, FIFA, Ping-Pong eta 4 lerroan txapelketak egingo dira, bata pelikula bat proiektatu ere. Gainera, gauez, Las Llanas zumarkalean 32 zezensuzko ibiliko dira, gazteen gozamenerako. 

San Juan gauean ez digute huts egingo Terrassako Diableen Collaren Carrefocs ospetsuek; eta aurten 90.enez egingo den Txori Kantoreen Lehiaketa ere ez da faltako programan. San Pedro jaietako beste ikuskizun klasiko bat ere izango dugu: Kaleko antzerkia. García de Andoinek Sestaoko taldeek eta elkarteek festetan duten parte-hartze handia goraipatu du: "Bere ekarpena oso garrantzitsua da jaietako programazioa aurrera eraman ahal izateko", azpimarratu du zinegotziak. Izan ere, elkarte-sarea datozen egunetan egingo diren jarduera askoren atzean dago, hala nola folklore-erakusketa, abesbatza-kontzertuak, erraldoiak eta buruhandiak... 

Jai-programa ostegun honetan hasiko bada ere, txupinazoa larunbat arratsaldean jaurtiko da. Aurten bi pregoilari egongo dira. Lehenengoa Txentxa izango da, Amigas de la Costura elkartearen arima bizia, hogei urte baino gehiagoko jardueraren ondoren, erretiroa hartuko duena. Bigarren pregonaria, berriz, Pikutara Gazte Konpartsa izango da; aurten ere hogei urte bete dituena. 

Jaiak iragartzeko kartela, Kultura arloak antolatutako lehiaketaren irabazlea, Jaume Gubianas artista katalanaren lana da.  

Puntu Morea 

Bigarren urtez jarraian, Udalak Puntu Morea jarriko du jaiegunetan eraso matxistarik jasan lezakeen edozein emakumeri informazio eta arreta profesionala emateko. 

Puntu Morea San Pedro plazan egongo da, lore-kioskoaren parean, 00:00etatik 06:00etara ostiraletan eta larunbatetan, eta 00:00etatik 04:00etara astelehenetik ostegunera. Arreta aurrez aurrekoa edo, telefono bidezkoa izan daiteke, 747 434 943 zenbakira deituta.