SESTAO

Prentsa Aretoa

2024/06/06

27 tabernak hartuko dute parte Sestaoko XVII. Pintxo Lehiaketan, ekainaren 15era arte

Pintxoak eguerdian eta arratsaldean dastatu ahal izango dira parte hartzen duten tabernetan, 1,60 euroren truke

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Merkatarien Elkarteak eta Sestaoko Udalak Sestaoko XVII. Pintxo Lehiaketa aurkeztu dute. Guztira, 27 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte, ekainaren 6tik 15era, tradizio bihurtu den sariketa arrakastatsuan. 

Aurten ere, formatu txikiko sukaldaritza-sorkuntza berri eta iradokitzaileak eskainiko dituzte Sestaoko tabernek herritarrak liluratu eta haien ahosabaiak gozatzeko. 

Lehiaketa aurkezteko prentsaurrekoan Amaia Cáceres Sestaoko Merkatarien Elkarteko presidenteak, elkarte horretako kide den Itxaro Berasaluze ostalariak eta Jesús Amenedo Merkataritzako zinegotziak parte hartu dute.  

Bertan azaldu dutenez, lehiaketaren helburu nagusia Sestaoko ostalaritza babestea eta dinamizatzea da, bederatzi egunetan zehar sukaldaritzako sorkuntzarik onenak eta originalenak dastatzeko aukera eskainiz.  

Pintxoak 12:30etik 14:30era eta 19:00etatik 22:00etara dastatu ahal izango dira, 1,60 euroren truke. Ostalaritzako profesionalek osatutako epaimahai batek 27 proposamenak probatuko ditu eta sariak emateaz arduratuko da. 

Lehenengo hiru sailkatuek 300, 200 eta 100 euroko saria eta diploma jasoko dute, hurrenez hurren. Gainera, elkartekideek sortutako pintxo onenaren sari berezia ezarri da, 100 eurokoa. 

Epaimahaiaren erabakiak berdinketa eragiten badu, herri-botoak ebatziko du auzia.

Herri-botoaren araberako pintxorik onena aukeratzeko, bezeroek eskura izango dituzte boto-txartelak eta lehian diren tabernak aurkitzeko planoak, eta ezinbestekoa izango da gutxienez lau proposamen probatzea. Herri-bozketan parte hartzen duten guztien artean 100 euroko bonu bi zozkatuko dira Sestaoko denda eta tabernetan gastatzeko. Sestaoarren pintxo gogokoena sortzen duen establezimenduak ere errekonozimendua jasoko du. 

Taberna irabazleen izenak ekainaren 15ean, larunbata, 14:00etan San Pedro Plazan egingo den ekitaldi publiko batean jakinaraziko dira. Sari banaketaren aurretik, lehiaketara aurkeztutako pintxoak dastatu ahal izango dira plazan.  

Txikienek ere goza dezaten, egun horretan bertan talo tailerra antolatuko da 11:00etatik 14:00etara.