SESTAO

Prentsa Aretoa

2024/05/14

Ella Baila Sola, Bulego, Zetak, Izaro eta Locomía arituko dira Sestaoko jaietan

Sampedroak ekainaren 20tik 30era ospatuko dira

rss Ezagutzera eman
Ella Baila Sola, Bulego, Zetak, Izaro eta Locomía arituko dira Sestaoko jaietan

ARGAZKIA JAITSI

San Pedro jaiak hasteko hilabete eskas falta denean (ekainak 20-30), Carlos García de Andoin Kultura zinegotziak herritarren artean interes handiena pizten duen programazioko gaietako bat ezagutzera eman du: kontzertuen agenda. Aurten, Kasko plazako agertokitik, besteak beste, Ella Baila Sola, Bulego, Zetak, Izaro eta Locomía igaroko dira, eta artista horien arrakastek Sestaoko bizilagunak dantzan jarriko dituzte.

"Aurten ere, Kultura Sailak gure herriko jaiez gozatzeko publiko guztientzatkalitatezko kartel musikal bat aurkezten du, ibilbide profesionaletan arrakasta handia lortu duten artistekin", azpimarratu du García de Andoinek aurkezpenean. Zinegotziak nabarmendu du oreka dagoela euskaraz eta gaztelaniaz abesten duten taldeen artean, baita gizonezkoen eta emakumezkoenen ahotsen artean ere, musika sortzen duten emakumeek ere ikusgarritasuna izan dezaten Sampedroetan.

Ella Baila Sola izango da aurten gozatu ahal izango dugun talde nabarmenetako bat. Marta Botía eta Marilia Andresen duoak 1996 eta 2001 urteen artean egin zuen bere ibilbidea, baita ospe handia lortu ere Estatuan eta Latinoamerikan. 2001ean euren musika bideak banandu zituzten, baina hogei urte beranduago, 2021ean, eta Ella Baila Solaren sorreraren 25. urteurrenarekin bat, Marta eta Marilia berriro elkartu ziren. Ekainaren 21eko kontzertuan, Marta Botiak Virginia Mosekin batera abestuko du.

Hurrengo egunean, Bulego euskal pop-taldea igoko da Kasko Plazako eszenatokira. Azpeitian 2019an jaiotako banda horrek ibilbide musikal meteorikoa izan du; Euskadi Gaztea irratiko zerrendetan lehen postura iritsi da hainbat aldiz, eta beraien abestietako bat 2021eko udako kantua izan zen, musikan espezializatutako irrati horrek egindako hautaketan. Besteak beste, Bilbao BBK Live eta Sonorama jaialdietan parte hartu dute, baita Bilboko Aste Nagusian ere. Sestaon, aldiz, ekainaren 22an izango dugu haiekin gozatzeko aukera.

Kultur bizitasun eta musika aberastasun handiko urteak izan ziren 80ko eta 90eko hamarkadetara atzera eginez, Sestaon, ekainaren 26an, asteazkena, Locomia taldea izango dugu bere 40 urteko ibilbide artistikoa ospatzen.

Abaniko, koreografia eta jantzi bitxiekin planeta erdian arrakasta handia lortu zuen talde ospetsuak bere ibilbide artistikoari errepasoa egingo dio proiektuaren lau sortzaileen lekukoa hartu duten gazte talentudunek osatutako formazio berriarekin.

Ekainaren 28an, ostirala, San Pedro bezperan, Zetak izango dugu, Pello Reparazen eskutik sortutako euskarazko musika elektronikoko proiektua. Vendettan, bere aurreko taldean, urte arrakastatsuak igaro ondoren, musikari nafarrak taldea utzi eta beste formazio bat sortu zuen, erabateko erregistro-aldaketa zekarren musika elektronikoko proiektu bat egiteko. EiTB taldeko Gaztea Irratiak antolatzen duen Gaztea Sarietan ZETAKek 2020ko Banda Onenaren, Zuzeneko Onenaren eta konfinamenduan zehar egindako kantu/bideo Onenaren sariak jaso zituen.

Ekainaren 29an euskal labela duen beste artista bat etorriko zaigu: Izaro Andrés. Izaro 2014an hasi zen konposatzen eta abesten, eta ordutik etengabe lortu ditu arrakastak. Euskadiko antzoki nagusiak bete ditu, baita Anoetako belodromoa ere 6.000 pertsonarekin, Espainian bira egin du eta kolaborazioak egin ditu, besteak beste, Rozalen, Gatibu, Amaral, Xoel López edo Eñaut Elorrieta artista handiekin. Atseden hartzeko urtebeteko geldialdia egin ondoren, Sestaon San Pedro egunean aurkeztuko duen "Cerodenero" estudioko diskoarekin itzuli da.

Kontzertuen kartela osatzeko, Destrangis taldeak Estopari eginiko omenaldia, Tenampas mariatxiaren eta Mexikoko Balletaren emanaldia, Maremagnun eta Diamante orkestren bi berbena eta, LGTBIQA+ Harrotasunaren Egunean txosnetan, Albina Stardust eta Divina Comedia izango ditugu.

Aipatutakoez gain, Sampedroetako jai-egitarauan beste agertoki batzuetan izango diren beste hainbat musika-emanaldi programarekin batera emango dira ezagutzera.