SESTAO

Prentsa Aretoa

2024/04/10

Gaur jarriko da berriz ere abian Sestao Bonua kanpaina 83 saltokitan

Ekimenak 120.000 euroko eragin ekonomikoa izango du merkataritza sektorean

rss Ezagutzera eman
Gaur jarriko da berriz ere abian Sestao Bonua kanpaina 83 saltokitan

ARGAZKIA JAITSI

Merkatarien Elkarteak, Sestaoko Udalarekin lankidetzan, Sestao Bonua kanpaina abian jarri du berriz ere. Azken urteetan ez bezala, oraingoan udaberrira aurreratu da herriko merkataritza eta zerbitzuen sektorean erosketak sustatzeko eta, erosketetan deskontu nabarmenak eskainiz, herritarrei eta bisitariei mesede egiteko helburua duen kanpaina. Izan ere, bonuek %33ko deskontua eskainiko diete kontsumitzaileei, merkataritza- sektoreari inolako kostu gehigarririk eragin gabe.

Aurtengo kanpainan, sektorearen suspertze ekonomikoa bultzatze aldera, 8.000 bonu jarriko dira salgai, bakoitza 15 eurokoa. Hori horrela, udalak 40.000 euroko inbertsio ekonomikoa egingo du, 120.000 euroko eragin ekonomiko aurreikusia duena.

8.000 bonu horietatik 6.000 modu proportzionalean banatuko dira establezimendu parte-hartzaileen artean. Gainerako 2.000 bonuak, asoziazionismoa sustatzeko asmoz, Sestaoko Merkatarien Elkartea osatzen duten saltokien artean bakarrik banatuko dira.

Bonuak atxikitako establezimenduetan kontsumitu ahal izango dira apirilaren 10eko arratsaldetik, maiatzaren 4ra, egun hori barne, edo izakinak agortu arte.

Deskontua establezimenduan bertan egingo da, erosketa egin edo zerbitzua eman den une berean, eta 18 urtetik gorako pertsona bakoitzak gehienez hiru bonu erabili ahal izango ditu establezimendu batean eginiko erosketa edo hartutako zerbitzu bakoitzean. Bonu bakoitzean kontsumitzaileak 10 € jarriko ditu eta Udalak 5, hau da, bonu bakoitzak % 33ko aurrezpena eragingo du. Erosketaren zenbatekoa bonoaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, ez da kanbiorik itzuliko eskudirutan.

Kanpaina honetan atxiki diren establezimenduek, 83 guztira (54 bazkide eta 29 bazkide ez direnak), hainbat sektore biltzen dute, hala nola ehungintza eta oinetakoak, etxeko ekipamendua, elikadura, argazki-zerbitzuak, ile-apainketako eta estetikako aretoak... Hori dela eta, kanpainak oso aukera zabal eta erakargarria eskainiko die atxikitako establezimenduei nahiz Sestaoko herritarrei. Establezimendu parte-hartzaileek, identifikazio gisa, kartel bat izango dute erakusleihoko leku ikusgarri batean, kontsumitzaileei informazioa eman eta haien arreta erakarri ahal izateko.

Era berean, nabarmentzekoa da merkatarien elkartearen eta Sestaoko Udalaren arteko elkarlanaren emaitza den kanpaina hau lehena baino ez dela tokiko erosketa sustatzeko eta udalerriko dendak babesteko 2024an egingo diren beste kanpaina askoren artean.