SESTAO

Prentsa Aretoa

2024/02/27

Aho batez onartua Sestaoko Udalean Berdintasuna Sustatzeko Lehen Barne Plana

Agiriak 31 neurri biltzen ditu Udalean tratu- eta aukera-berdintasuna lortzeko

rss Ezagutzera eman
Aho batez onartua Sestaoko Udalean Berdintasuna Sustatzeko Lehen Barne Plana

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udaleko Udalbatza Osoak aho batez onartu du Genero Berdintasunerako lehen Barne Plana, Sestaoko Udalean benetako berdintasuna lortzeko 31 ekintza ezartzen dituena.

Yosune Serapio Giza Baliabideetako zinegotziak aurkezpenean gogorarazi duenez, 2022ko abenduko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak udalak behartzen ditu legegintzaldi bakoitzaren hasieran plan hori onartzera. Konpromiso hori iaz onartu zen Sestaoko udalerriko IV. Berdintasun Planean ere jasota dago. "Zorionez, Udala, obligaziorik ez izan arren, lanean ari zen dokumentu hau egiteko, eta, horri esker, epeak bete eta agintaldiaren hasieran onartu ahal izan dugu" adierazi du zinegotziak, plana 2027ra arte indarrean egongo dela gogorarazteaz batera.

Yosune Serapiok adierazi duenez, "Udalek genero-berdintasunarekin lotutako politikak garatzen dituzte, herritarrei eta udalerrietako entitate eta erakundeei zuzenduak. Baina, kanpoko lanaz gain, udalen barruan berdintasuna lortzea ere garrantzitsua da. Horregatik, genero-ikuspegia ere sartu beharra dago kudeaketako barne-politiketan, antolaketa-prozesuetan eta erakunde-kulturan; izan ere, emakumeen aurkako diskriminazio-moduak erakunde publikoetan ere presente egon daitezke, itxuraz bertan lan- eta ordainsari-egonkortasuna duten arren ".

Udalak hainbat urrats eman behar izan ditu dokumentu estrategiko hau osatzeko. Lehenengo eta behin, negoziazio-batzorde bat eratu da, planaren fase guztiak onesteko erabaki-organo gisa parte hartu duena.

Ondoren, diagnostiko bat egin zen, genero-ikuspegia aintzat hartuta, Sestaoko Udalaren plantillako hainbat eremutan dagoen egoera xehetasunez erakusteko. Plantillak berdintasunaren alorrean dituen behar eta gabezia espezifikoak aurkitzeko azterketa-tresna izan da diagnostikoa, baita Udalaren errealitatera ahalik eta ondoen egokitutako plangintza egiteko abiapuntua ere.

Bildutako informazio guztiarekin aipatutako 31 neurriez hornituta dagoen ekintza-plana diseinatu zen. Neurri horiek barne gaiak jorratzen dituzte, hala nola: ordezkaritza; prestakuntza; norberaren bizitza, familia eta lana uztartzea; erantzunkidetasuna bultzatzea; sexu-bereizkeria edo sexuagatiko bereizkeria desagerraraztea; genero-ikuspegiaren araberako ordainsari-politika; eta zeharkakotasuna.

Behin betiko onartua izan zedin Udalbatzara eraman aurretik, plana Giza Baliabideen Batzordetik igaro zen, eta bertan alderdi politikoek ere beren ekarpenak egiteko aukera izan zuten.

"Puntu honetara iritsi ahal izatea Giza Baliabideen arloak generoaren esparruan duen erantzukizuna bere gain hartzeko apustuaren ondorio izan da, eta horretarako Berdintasun Arloaren laguntza izan du", azaldu du Yosune Serapiok, eta gogorarazi du, behin plana onartuta, "orain garrantzitsuena geratzen dela: legegintzaldi honetan aurreikusitako ekintzak garatzea, eta etengabeko jarraipena egitea, helburuak lortu direla egiaztatzeko, egon daitezkeen oztopoak detektatzeko edo erabilitako baliabideak eta tresnak egokitzeko. Horrela, legegintzaldi honen amaieran esan ahal izateko lortu dugula, guztion artean, Udala lantoki hobea izatea begiruneari eta berdintasunari dagokienez ".

Planak azpimarratu egiten du udal-langileek berdintasunaren arloan duten prestakuntza hobetzeko apustua. Funtzionarioen artean oso eskari hedatua izanik, dokumentuak beste neurri bat ere jaso du ordainsari-azterketa bat egiteko, genero-ikuspegiaren arabera. Hartutako beste konpromiso bat da langileen artean zabaltzea erraz kontsultatzeko moduko materiala, kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren arloko legeriak jasotzen dituen eskubideak eta baimenak bilduko dituena.

​Era berean, Udalak arrisku psikosozialen ebaluazioak egingo ditu, generoikuspegiaren arabera; eta indarreko legediak genero-indarkeriaren biktima direnei aitortutako eskubideen hedapena egingo du langileen aretan. Azkenik, planean nabarmentzeko beste puntu bat izango da Lan- edo Sexujazarpenagatik edo Genero- edo Lan-indarkeriagatik sortutako Gatazkak Ikertu eta Konpontzeko Prozedurak hartutako prebentzio-neurriei egingo zaien jarraipena.