SESTAO

Prentsa Aretoa

2023/11/11

Sestaoko Udalak Labe Garaia Industria Ondarearen Europako Ibilbidearen "puntu estrategikoa" izateko eskaera egin du

Sestaoko Udalak eskaera EHRIren batzarrari helarazi dio ostiralean monumentura egindako bisitan

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak ERIHren (European Route of Industrial Heritage) batzarrari eskatu dio Labe Garaia Industria Ondarearen Europako Ibilbidearen "puntu estrategikotzat" hartzeko. Udalak eskaera hori egin du monumentuaren birgaitze eta balioztatze planak ezagutzeko EHRIko 60 ordezkarik ostiralean Sestaora egindako bisitan.

Atzo Sestaon izan ziren 60 ordezkariek EHRIren urteko batzarra hiru egunez egin zuten Barakaldoko Illgner eraikinean, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren babesarekin. Labe Garaia bisitatzea hautazko jarduera gisa sartua zen azken egunerako programazioaren barruan, eta erakunde horretako kide guztiek eman zuten izena parte-hartzeko.

Sestaora iritsi zirenean, udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariek egin zieten harrera, Ainhoa Basabe alkatea buru zutela. Pixkanakapixkanaka Txabarri kaletik Labearen oinarriraino jaitsi ziren, eta han harrera egiteko aurreskua dantzatu eta ongietorrirako hitz batzuk esan zizkieten.

Ainhoa Basabek azaldu zienez, datorren urtean amaituko dira orain egiten ari diren bisitari-zentroaren, parke publikoaren eta igogailuaren obrak. Era berean, alkatea itxaropentsu agertu zen Espainiako Gobernuaren esku dagoen Labea birgaitzeko lanen hirugarren faseari dagokionez. Ildo horretan, Kultura Ministerioarekin bilerak egin dituztela azaldu zuen, eta aste gutxi barru lizitazioa martxan jartzea espero duela.

Sestaoko Labe Garaia Industria Ondarearen Europako Ibilbidearen barruan dago jada, baina "anchor point" edo "puntu estrategiko" kategoria izateak estatus handiagoa emango lioke, Industria Ondarearen Europako Ibilbidea egiten duten pertsona guztientzat nahitaezko bisita-gunea izango litzatekeelako.

Euskadin, hiru elementu turistikok bakarrik dute "anchor point" edo "puntu estrategiko" kategoria: Azpeitiako Trenbidearen Euskal Museoak, Añanako Gatzagak eta Balmasedako La Encartada Txapelen Fabrikak. Beraz, bereizgarri hori lortuz gero, Labe Garaia izango litzateke Bilbo Metropolitarreko lehen monumentua.

ERIHko ordezkariek Sestaora egin duten bisita SestaON Fire jai-ekitaldiaren baitan egin da. Izan ere, Sestaoko Udalak jarduera hori Labearen erreforma gizarteratzen hasteko antolatu zuen, Labe Garaia berreskuratzeko plan estrategikoak birgaitzearen aurretik, bitartean eta ondoren garatzeko ekintzak jasotzen baititu.