Prentsa Aretoa
2023/11/15
Udalak nazismoaren biktima izan ziren lau sestaoar omenduko ditu Stolpersteinegaltzada-harriak jarrita
Omenaldi-ekitaldia azaroaren 18an, larunbata, izango da, 12:00etan, Balmasedako Konde Plazan
Sestaoko Udalak, Gogoan Sestao Elkartearen laguntzarekin, nazien kontzentrazio-esparruetan deportatu eta preso egon ziren udalerriko lau bizilaguni omenaldia egingo die larunbat honetan. Izan ere, haien oroitzapena bizirik mantentzeko, beren etxebizitzak egon ziren lekuetan "stolpersteine" izeneko galtzada-harri urreztatuak jarriko dira, "memoriaren harriak" izenaz ere ezagutzen direnak.
Juan Antonio Zarandona Careaga, Julián Alcalde González, Glorialdo Laza Sarachaga eta Emeterio Lobato García dira kontzentrazio-esparruen izugarrikeria lehen pertsonan bizi izan zuten lau sestaoarrak, Gogoan Sestao Elkarteko kideek egindako ikerketen arabera.
Lehenengo hirurak Neuengamme eta Mauthausen espetxeen barruan hil ziren, eta ez zuten askatasunaren zapore gozoa berriz ere dastatzeko aukerarik izan.Emeteriok, ordea, bere bizilagunek baino zorte hobea izan zuen, eta Karsruhen bi urtez preso egon ondoren, 1945eko apirilaren 3an askatu egin zuten.
Bosgarren sestaoar bat izan zen, San Pedro plazakoa bera, Basilio Polo Pulgar, baina harentzako galtzada-harria San Feliu de Guixolsen jarriko dute, askapenaren ondoren udalerri horretan bizi izan baitzen bere egunak amaitu arte.
Omenaldi-ekitaldia, Julen Murga akordeoilariaren musikak lagunduta, 12:00etan hasiko da, Conde Balmaseda plazan, bertan egongo baita stolpersteinetako bat. Udalak biktimen senideak gonbidatu ditu, larunbatean bertan egon eta omenaldian parte har dezaten. Ondoren, nahi duten guztiek oinez egin ahal izango dute udalerriko gainerako hiru galtzada-harriak bisitatzeko ibilbidea.
Galtzada-harri horiek La Galanan, Txabarri kalean eta Doctor Ferrán kalean jarrita egongo dira, eta bakoitzean lore-eskaintza bat egingo da.
Horren aurretik, azaroaren 16an, osteguna, Bigarren Mundu Gerran nazismoaren euskal biktimei buruzko hitzaldi bat egingo da Etxahun Galparsoro historialari nafarraren eskutik. Hitzaldi hori Musika Eskolako Areto Nagusian izango da 19:00etatik aurrera.
Stolpersteine proiektua Gunter Demnig artista alemaniarrarak sortu eta abian jarri zuen joan den mendeko 90eko hamarkadaren erdialdean. Stolpersteine galtzada-harriak zementuzko kuboak dira, goialdean letoizko plaka bat sartuta dutenak. Plaka horretan grabatuta daude gogoratu nahi diren pertsonaren funtsezko datuak. Gaur egun, kalkulatzen da 75.000 stolpersteine baino gehiago daudela instalatuta 20 herrialdetan baino gehiagotan.
Carlos García de Andoin Kultura eta Memoria Historikoko zinegotziak azaldu duenez, ekimen horren bidez Sestaoko Udalak "totalitarismoen aurka eta guztion askatasunaren alde borrokatu, eta bide horretan jazarpena, erbestea eta, askotan, heriotza jasan zituzten pertsonen memoria historikoa bizirik mantendu nahi du. Uste dut bidezkoa dela haiek gogoan izatea, istorioa errepika ez dadin. Memoria-betebeharra da, justizia-betebeharra".
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14