SESTAO

Prentsa Aretoa

2023/07/19

EAJ-PNVk eta PSE-EEk akordioa lortu dute Sestaoko Udalean koalizio gobernua osatzeko

Itunak lehentasuntzat ezartzen du udalerriko bizilagunen beharrei erantzutea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNV eta PSE-EE talde politikoek Akordioa lortu dute Sestaoko Udalean koalizio gobernu bat osatzeko, 2023-2027 Legegintzaldian gobernagarritasuna bermatzeko eta Udalerriari egonkortasuna eskaintzeko.

Maiatzaren 28ko udal-hauteskundeen emaitzek erakutsi dutenez, Sestao udalerri anitza da, eta alderdi politikoetako batek ere ez zuen gehiengo nahikorik lortu gobernu bakarra osatzeko. Agintaldi berri honetan, inoiz baino beharrezkoagoak dira alderdi politikoen arteko adostasunak, elkarrizketak eta lankidetza.

Gobernu-itun hori, beraz, Sestaoko bizilagunen zerbitzura dagoen lan-tresna gisa egituratzen da, eta haien beharrei erantzutea du lehentasun. EAJ-PNVk eta PSE-EEk bat egiten dute gure udalerriak dituen erronka nagusiekin, eta, horiei aurre egiteko, lehentasunezko lan-ildo batzuk planteatzen dituzte, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, zerbitzu publikoak babestea, ekonomia sustatzeko politikak, gizarte-kohesioa eta politika inklusiboak bultzatzea eta udal-kudeaketaren gardentasuna oinarri hartuta.

Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak eta Carlos Garcia de Andoin PSE-EEko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu dutenez, "akordioak gizarte, hirigintza, ekonomia sustapen eta iraunkortasun politikak gauzatzea ahalbidetuko du, bestela blokeatuta gera bailitezke. Formula hori da, halaber, udalaz gaindiko erakundeetatik baliabide ekonomikoak erakartzeko gaitasun handiena duena, gure herriak dituen beharrei erantzun eraginkorra emateko. Gainera, akordio bera elkarbizitzarako eta indarren batasunerako zeinua da, ezberdinen artekoa, Sestaoren ezaugarri izan direnak beti ".

Bi alderdiek sinatutako dokumentuaren arabera, datozen hilabeteetan Gobernu Plan bat aurkeztuko da Udal Gobernu berriak agintaldi honetan landuko dituen proiektuekin, nahiz eta akordioak estrategikotzat jotzen diren 27 proposamen aurreratzen dituen, hala nola Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria bultzatzea, La Navaleko lurrak garatzea enpresa berrien etorrera sustatzeko eta adinekoentzako egoitza bat eta Rebonzan unitate soziosanitario bat eraikitzea, egoiliarrentzako lurpeko aparkaleku batekin.

Era berean, irisgarritasuna hobetzearen alde lan egiteko konpromisoa jasotzen da, auzoetan zentratutako jarduketekin, hala nola Martxoaren 8ko Plaza berria eta bere bi igogailuak, Arturo Campion kalean elementu mekanikoak jartzea eta Las Llanas zumarkalea berriz urbanizatzea.

Ingurumenari dagokionez, SeSmart proiektua jarriko da abian, argiteria publikoan, eraikinetan eta mugikortasunean esku hartuz CO2 isuriak nabarmen murrizteko. Bi alderdiek Galindo eta Ballonti ibaien ibaiertzak birnaturalizatzeko proiektuak bultzatzeko ere lan egingo dute, baita La Benedicta bainu-gune eta uretako jarduera gisa indartzeko modua aztertzeko ere.

Akordioak garrantzi handia ematen dio enpleguari, besteak beste, diagnostiko integral bat eginez, udalerriko eta eskualdeko enpresetan langabeen enplegagarritasun-aukerak aztertu eta hobetzeko.

Gaur egun udalbatza osatzen duten 21 zinegotzietatik 13k osatuko dute gobernu-talde berria.

Alkatetzaz gain, EAJ-PNVk honako arlo hauek kudeatuko ditu: Hirigintza, Etxebizitza, Ingurumena, Industria eta Giza Baliabideak; Gizarte Ekintza eta Berdintasuna; Kirolak, Turismoa, Kontsumoa eta Merkataritza; Euskara, Hezkuntza eta Gazteria; eta Ogasun eta Ondarea.

PSE-EEk, berriz, honako arlo hauen ardura izango du: Obrak eta Eraikinen eta Espazio Publikoen Mantentze-lanak; Zerbitzu Publikoak; Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza; Kultura, Memoria Historikoa, Herritarren Partaidetza, Sustapen Ekonomikoa eta Enplegua; eta, azkenik, Mugikortasuna eta Garraioa.

Tokiko Gobernu Batzarra astero bilduko da eta zortzi ordezkarik osatuko dute, lau alderdi politiko bakoitzetik.

Erantzukizunak behar bezala betetzeko eta garatzeko, indar politiko bakoitzak hiru dedikazio esklusibo izango ditu guztira, gehi alkatetzari dagokion dedikazioa, eta 2019-2023 azken legegintzaldian dedikazio esklusiboko eta partzialeko karguetarako ezarritako ordainsari ekonomikoei eutsiko zaie.

Next Euskadi