SESTAO

Prentsa Aretoa

2023/01/27

Eusko Jaurlaritzak lizitaziora atera du, 3,7 milioi euroko aurrekontuarekin, Txabarri eta Nicolas Ormaetxea artean Martxoak 8 plaza eraikitzeko proiektua

Proiektuaren arabera, irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu eraikiko dira, boulder bat jarriko da, harmaila bat sortuko da eta Gerra Zibileko babesleku antiaereo zahar bat leheneratuko da

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak lizitaziora atera du Txabarri auzoan Martxoak 8 plaza eraikitzeko proiektua, 3,7 milioi euroko gehieneko zenbatekoaz. Lizitazio-prozesuan parte hartu nahi duten enpresek urtarrilaren 31ra arteko epea izango dute eskaintzak aurkezteko.

Plaza hau eraikitzea Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Sestaoko Udalak eta Sestao Berri sozietate publikoak 2021eko ekainean sinatutako lankidetza- hitzarmenaren barruko proiektuetako bat da, datozen urteetan Txabarri - El Sol birgaitzeko prozesuari jarraipena emateko.

Kasu honetan, hiri-berroneratzeko jarduketa garrantzitsu bat planteatzen da: etxebizitza- etxadi baten barruan dagoen espazio publikoa urbanizatzea, auzoarentzako egonaldi- eremu bat sortzeko. Hain zuzen ere, proiektu honen bidez, herritarrentzat berreskuratuko da kale hauen atzealdeek osatutako barne-espazioa hartzen duen hegala: Txabarri —63- 79 bitarteko zenbakiak—, Nicolas Ormaetxea —10-4 bitartekoak zenbakiak— eta La Galana —7-15 bitarteko zenbakiak—.Guztira, 3.555 metro karratuko azalera hartuko du etorkizuneko jarduketak.

Boulderra eta harmaila

Proiektuaren helburua da gune moderno eta dinamiko bat eraikitzea, auzoko bizilagunentzako topagune bihurtuko dena eta, aldi berean, malda handia duen udalerriko eremu batean irisgarritasuna hobetzen lagunduko duena.

Etorkizuneko plazak boulder bat izango du, 15 metro luze eta 2,5 metro garai, Sestaon espazio publiko berritzaile bat sortzeko, aire zabaleko kirola egitea erraztuko duena. Harmaila bat eraikitzea ere aurreikusi da, jendea jar dadin eta antolatzen diren ekitaldi soziokulturalez gozatu ahal izan dezan.

Obrak aprobetxatuz, bi sarbide berri irekiko dira etxadi horren barrualdera. Gaur egun, Txabarri eta La Galana kaleetatik baino ezin da sartu, baina etorkizunean, obrak amaitu eta espazioa behar bezala urbanizatuta dagoenean, Abenduak 25 eta Nicolas Ormaetxea kaleetatik ere sartu ahal izango da.

Hiri-altzariei dagokienez, bankuak, paperontziak, jardinerak, barandak eta iturri bat jartzea aurreikusita dago, eta arreta berezia jarriko da herriko argiterian, plazak argi ona izan dezan eta puntu beltzik egon ez dadin. Horretarako, 222 argi jarriko dira jarduketa-eremu osoan banatuta.

Irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu

Proiektu honen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak nabarmen hobetu nahi dute eremu honetako irisgarritasuna, 19 metroko desnibel handia baitago. Horretarako, behealdea plazaren goialdearekin lotuko duten bi igogailu instalatzea aurreikusi da. Horrela, herritarrak eroso igo ahal izango dira Txabarri kaletik Nicolas Ormaetxea kalera, eta alderantziz jaitsi ere. Elementu mekanikoez gain, ibilbide bera oinez egiteko eskailerak egongo dira.

Proiektuaren arabera, halaber, obra zibilak egikarituko dira district heating-eko hodiak aurrez instalatuta uzteko. District heating auzoko berokuntza da, biomasaren errekuntzatik abiatutako auzoko 200 etxebizitza baino gehiagotara berokuntza eta ur beroa ematen dituena. Hodien aurreinstalazioari esker, sistema prest egongo da etorkizunean Txabarriko beste eraikin batzuetara zabaltzeko.

Azkenik, Gogoan Sestao elkarteak egindako proposamena aintzat hartuta, jarduketaren xede den hegalean dagoen zulogune bat leheneratu eta babestuko da. Gerra Zibilean, Sestaoko biztanleek babesleku antiaereo gisa erabili zuten zulogune hori. Elementu hori oso garrantzitsua da, etorkizunean Memoriaren Ibilbide bat diseinatzeko erabili nahi baita, udalerrian borroka-agertoki nagusiak ezagutarazteko.

Etxebizitza-eraikin berria Txabarri kaleko 67 zenbakian

Martxoak 8 plaza eraikitzeko obren lizitazioarekin batera, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak lehiaketara atera du Txabarri kaleko 67 zenbakiak hartzen duen orubean zazpi etxebizitza sozialeko eraikin bat egitea, 1,8 milioi euroko gehieneko aurrekontuarekin.

Eraikin hori egitea ere garrantzitsua da, etorkizuneko plazarako sarbideetako batean egongo baita, Txabarri kalean hain zuzen ere.

Bitartean, plazak hartuko duen espazioaren goialdean, Eusko Jaurlaritza hamabost etxebizitza sozialen sustapena amaitzen ari da. Nicolas Ormaetxea kaletik sartuko da bertara.

Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik nabarmendu duenez: “Txabarri - El Sol esparruaren barruko berroneratze-jarduera garrantzitsua da. Bertan, herritarrek gozatzeko espazio urbanizatu berri bat lortzeaz gain, alokairu sozialera bideratutako zazpi etxebizitzako eraikin batekin emango diogu akabera egonlekuari. Puntu horretan, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikaren bi alderdiak ikus daitezke. Izan ere, espazio degradatuen berrurbanizazioa eta etxebizitza berriaren eraikuntza alokairu erregimenean konbinatzen dira”.

Bestalde, Ainhoa Basabe alkateak azpimarratu du plaza hau sortzeak aukera ematen digula Txabarri - El Sol auzoarekin hartutako konpromisoan aurrera egiten jarraitzeko, eremua herritarrentzako topagune moderno batez hornituta eta Sestaoko behealdearen eta goialdearen arteko irisgarritasuna hobetuko duten elementu mekaniko berriak ezarrita.