SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/11/21

Sestaon egingo da Beldur Barik programaren topaketa abenduaren 2an, ostirala

Egitaraua arratsaldeko seietan hasiko da Musika Eskolan eta Izaro abeslariaren emanaldi txiki bat ere izango du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Abenduaren 2an, ostirala, Berdur Barik programaren azken topaketa egingo da Musika Eskolan. Egun horretan, Euskadiko hainbat herritatik etorritako gazteak Sestaon bilduko dira, eta Beldur Barik 2022 sariak irabazi dituzten taldeak ere ezagutaraziko dira. Ekitaldi horretan, Izaro abeslariak, aurtengo edizioa babestu duten aurpegi ezagunenetako batek, parte hartuko eta bertaratutakoentzako abesti batzuk interpretatuko ditu.

Gaur bertan prentsaurrekoa egin da Beldur Barik 2022 lehiaketari buruzko informazioa emateko. Bertan, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Ane Beitia EUDELeko ordezkariak eta Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak parte hartu dute.

Jasotako ikus-entzunezko 300 lan baino gehiago jaso dira

Ikus-entzunezko lanen lehiaketa Beldur Barik programaren jarduera nagusia eta ezagunena da. Lehiaketa horretan, gazteek emakumeen aurkako indarkeriaren kontra eta berdintasunezko gizartearen alde agertu behar dute. Beatriz Artolazabal sailburuak jakitera eman duenez, aurten 300 ikus-entzunezko lan baino gehiago aurkeztu dira, gehienak taldean egindakoak. Beraz, parte hartu duten gazteen kopuruak gora egin du nabarmen. Eta, hain zuzen ere, lanak taldean egitearen garrantzia nabarmendu du, sorkuntza-prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita. Artolazabalen hitzetan, Gazteen Euskal Behatokiak duela gutxi emandako datuen arabera, emakume gazte gehienak beldurrez itzultzen dira etxera, eta horrek erakusten du oraindik ere neska-mutil gazteei zuzendutako programak ezinbestekoak direla.

Gazteenak, 12 eta 14 urte bitartekoak, izan dira lan gehien aurkeztu dutenak, ia erdiak ( % 44). Eta film laburretan landu dituzten gaien artean sexismoa, diskriminazioa eta estereotipo sexistak daude. 15 eta 17 urte bitartekoen kategorian (lanen % 36) estereotipoak eta kaleko jazarpena ere izan dituzte hizpide. Eta 18 eta 20 urte bitarteko gazteek aurkeztutako lanetan (lanen % 15), gai horiez gain, bikote-harremanak eta berdintasuna ere jorratu dituzte. Lurraldeka, lan gehienak Bizkaitik iritsi dira ( % 59), gero Gipuzkoatik (ia % 32) eta azkenik Arabatik ( % 9). Haietan ikus daitekeenez, gazteek gero eta argiago identifikatzen dituzte indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun-faktoreak.

Bestalde, Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, azpimarratu du lan gehienak ( % 89,7) ikastetxeetatik datozela, eta horrek erakusten du hezkuntzaren eremuan berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioari lotutako materialen eskaria dagoela. “Eskaera hori kontuan hartu beharko dugu, baita mutilekin lan egiteko materialen eskari espezifikoa ere; izan ere, oro har, programaren ebaluazioan egiaztatu dugun bezala, interes gutxiago dute gaiaren inguruan.” Elgarrestaren hitzetan, garrantzitsua da mutilak berdintasunaren alde inplikatzea, gizonak inplikatzea beharrezkoa den bezala, eta horretan dihardute erakunde guztiek batera azaroaren 25ean bultzatu duten kanpainaren bidez.

Sestaoko alkatea anfitrioia izan da, eta ongietorria eman die Beldur Barik programa sustatzen duten erakunde publiko guztiei. Ainhoa Basabek zera gogorarazi du: “Udalak Beldur Barik programan parte hartu du Berdintasun arloa sortu zenetik, baina azken urteotan, pandemiaren ondorioz, ezin izan dugu oso modu aktiboan parte hartu. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun gure parte-hartzeari berriro ekitea, eta 2022ko Topaketaren anfitrioi izateko eskaintza egitea, udalerriko programari bultzada berri bat emateko modu gisa. Beraz, gure esker ona eta poza adierazten dugu aukera honengatik.”

Bere hitzaldian azpimarratu duenez, programa honetan parte hartzea Sestaoko Udalak hezkidetzako udal-programa bat sustatzeko egin nahi duen apustuaren barruan kokatzen da, Berdintasun Arloaren lan-ardatz nagusietako bat den aldetik. “Gure ustez, berdintasunezko hezkuntza funtsezkoa da gizarte bidezkoagoa eta indarkeriarik gabekoa eraikitzeko, eta udalok horretan lagundu dezakegu eta lagundu behar dugu.”

Amaitzeko, eskerrak eman dizkie Topaketa arrakastatsua izan dadin lanean ari diren pertsona guztiei; batez ere, Sestaoko ikastetxeei, parte hartu baitute ikasleak antolatuz lehiaketara bideoak aurkezteko eta abenduaren 2an egingo diren tailerretarako guneak eskainiz.

Topaketa

Topaketa abenduaren 2an izango da, arratsaldeko seietan, eta bertan zortzi tailer egingo dira, honako gai hauek jorratzeko: autodefentsa feminista, ahalduntzea dantzaren bidez, neskak eta bideojokoak, elikadura osasungarria, rap feminista eta maskulinitateak.

Tailerren ostean egingo den elkarretaratze baten ondoren, Musika Eskolan sari banaketa egingo da eta bertan Izaro abeslariak zuzenean hiru abesti eskainiko ditu. Hain zuzen ere, Izarok eta Kai Nakaik, aurreko edizioari ahotsa eta musika jarri zion abeslariak, mezu bat zabaldu dute sare sozialen bidez, gazteak berdintasunaren aldeko urteroko hitzordu horretan parte hartzera animatzeko.