Prentsa Aretoa
2022/09/16
Beldur Barik lehiaketaren 13. edizioa aurkeztu du Emakundek Sestaon
Lehiaketak indarkeria matxistaren aurka jarrera eraldatzaileak islatzen dituzten adierazpen artistikoak saritzen ditu
Beldur Barik Lehiaketaren 13. edizioaren aurkezpen ofiziala egin da Musika Eskolan gaur goizean; bi gaztek, Libe Beitia tiktokerrak eta Julen Portillo edukisortzaileak, aurkeztu duten ikuskizunarekin. Bertan Izaro artistak, bideo baten bitartez, lehiaketan parte hartzera eta Beldur barik jarrera zabaltzera animatu ditu gazteak, izan ere, Izaroren “Libre” izango baita aurtengo edizioaren abestia. Abenduaren 2an Sestaon ospatuko den Topaketan, gainera, bere abestiak zuzenean entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren gazteek.
Beldur Barik lehiaketak gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzeko helburua du. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak, Emakunderen bitartez, gidatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta laguntza du. 12 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta lanak aurkezteko epea irailaren 19an hasi eta azaroaren 11an bukatuko da.
Lehiaketak indarkeria matxistaren aurka jarrera eraldatzaileak islatzen dituzten adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute neska eta mutilek nola egiten dieten aurre ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin; alegia, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxista eta sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Mutilek indarkeria matxistaren aurrean duten zereginean eta erantzukizunean ere jartzen da indarra eta mutilekin lantzeko baliabideak eskaintzen dira.
Parte-hartzeko hiru kategoria daude: Lehen kategoria12-14 urte bitartekoentzat, bigarren kategoria 15-17 urte bitartekoentzat eta hirugarren kategoria 18-20 urte bitartekoentzat. Lehiaketan bakarka edo taldeka aurkezteko aukera dago. Hala, gazteak ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen etxeen bitartez aurkeztu ahal dute haien lana edo haien kabuz. Lehiaketaren oinarriak programako webgunean aurkitu ahal dira, bai testu bai bideo formatuan.
Hauek izango dira banatuko diren sariak: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana; horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da; baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria. Kalitate artistikoari lan onenaren saria eta herri bozketan boto gehien lortu duen lanari ere saria emango zaio.
Iaz Agurain izan zen bezala, aurten Sestao izango da Beldur Barik herria. Bertan ospatuko da abenduaren 2an Beldur Barik Topaketa eta bertan banatuko dira sariak. Aurten Izaro artistak, gainera, zuzenean parte hartuko du bertan. Beldur Barik programak sare sozialak erabiltzen ditu Beldur Barik jarrera gazteei helarazteko, batez ere Instagram eta Tik Tok, eta, aurreko urteetan bezala, gazte euskaldun feminista “influencer” ezberdinek kolaborazioak egingo dituzte hauetan. Sortutako eduki eta interakzioarekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira, jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferenteak sortuz.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14