SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/06/08

30 establezimenduk parte hartuko dute Sestaoko XV. Pintxo Lehiaketan

Lehiaketa bihartik ekainaren 18ra bitartean egingo da, pandemiaren ondorioz bi urtez geldirik egon ondoren

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Pintxo Lehiaketa pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren itzuliko da, eta sariketan parte-hartuko duten 30 ostalaritzaestablezimenduek euren formatu txikiko sukaldaritza-proposamenik onenak erakutsiko dituzte ekainaren 9tik 18ra bitartean.

Merkatarien Elkarteak eta Udalak, hurrenez hurren, Ramón Gómez eta Roberto López ostalariek eta Jesús Amenedo zinegotziak ordezkatuta, Pintxo Lehiaketaren XV. edizio hau aurkeztu dute. Jarduera berezi honen bidez, herriko ostalaritza sektoreak bi urte zail atzean utzi nahi ditu etorkizunari ilusioz aurre egiteko, eta ilusio horrekin ikusten ditu hilabete honen amaieran berriz ere ospatuko diren herriko jaiak.

Pintxo Lehiaketaren helburua Sestaoko ostalaritzaren kalitate bikaina sustatzea da. Norgehiagoka bihar hasiko da, osteguna, ekainak 9, eta ekainaren 18ra arte iraungo du. Egun horretan bertan, sariak banatuko dira San Pedro Plazan egingo den ekitaldi publikoan.

Pintxoak sariketan parte hartzen duten hogeita hamar tabernetan dastatu ahal izango dira, 12:30etik 14:30era eta 19:00etatik 22:00etara, 1,20 euroko prezioan. Berrikuntza gisa, aurten, 3 euroren truke, bezeroei pintxoa ardo onduarekin edo kalitatezko txakolinarekin uztartzeko aukera eskainiko zaie.

Jatetxe-arloko profesionalek osatutako epaimahai batek proposamen guztiak dastatu eta sariak ebatziko ditu. Irabazleak 300 euro eta diploma jasoko ditu, bigarrenak 200 euro eta diploma eta hirugarrenak 100 euro eta diploma.

Gainera, boto-ontziak eta txartelak jarriko dira tabernetan, bezeroek gustukoen duten pintxoaren alde bozka dezaten. Herri-bozketan boto gehien lortzen dituen pintxoak aitorpen berezia jasoko du, eta euren botoa eman dutenen artean 100 euroko balioa duten erosketa-txartelak eta ardo-sorta bat zozketatuko dira.

Ekainaren 18an, larunbata, sarituak nor diren jakitera eman aurretik, lehiaketako pintxoak dastatu ahal izango dira 13:30etik aurrera, eta 14 00etan pintxo irabazleen sari banaketa egingo da.