SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/06/01

Behargintzak laguntzak onartu ditu Langabetuak kontratatu eta establezimenduak modernizatzeko

Aurtengo deialdiek 45.000 euroko aurrekontu orokorra dute, iaz baino 7.000 euro gehiago

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak, Behargintzaren ekimenez, udalerrian enplegua sustatzeko eta ekonomia suspertzeko diru-laguntza programa biren deialdia onartu du.

Lehenengoa langabetuak kontratatzeko laguntza-programa da. 25.000 euroko aurrekontua du, eta langabezian dauden Sestaoko bizilagunei gutxienez 6 hilabeteko lan-kontratua egiten dien edozein enpresari zuzenduta dago, edozein dela ere enpresaren izen soziala eta kokapen geografikoa.

Bigarren laguntza-lerroak 20.000 euroko aurrekontua du, eta udalerri barruan dauden merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-establezimenduen modernizazioa eta berrikuntza sustatzea du helburu.

Deialdi honetara aurkeztu ahal izango diren kontzeptuak askotarikoak dira: establezimenduak eraberritzeko obrak, makinak eta altzariak edo aplikazio eta ekipo informatikoak erostea, negozioetarako web-orriak sortzea, pertsiana motordunak instalatzea, tabernetako terrazarako altzariak erostea, eta deialdiaren oinarrietan zehazten diren beste gai interesgarri batzuk.

Deialdi bi horiek datozen egunetan argitaratuko dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta une horretatik aurrera eskaerak aurkezteko epea irekiko da 2022ko irailaren 30era arte.

Informazio gehiago nahi izanez gero, interesatuak Sestaoko Behargintzarekin jar daitezke harremanetan. Bertan, izan ditzaketen zalantza guztiak argitzen lagunduko diegu.

Jesús Amenedo Garapen Ekonomikoko zinegotziak hau adierazi du horren inguruan: "Sestaoko Udalean eta, bereziki, Behargintzan lanean jarraitzen dugu gure udalerriaren enplegua sustatzeko eta ekonomia suspertzeko ekintzak abian jartzeko. Hori da legealdi honetan dugun lehentasun handienetako bat, eta gaur aurkeztu ditugun hauen moduko ekintzekin aurrerapausoak ematen ari gara hori lortzeko bidean".