SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/05/17

Sestaok herriko jaiak ospatuko ditu ekainaren 23tik uztailaren 3ra

Udalak baieztatu egin du, besteak beste, Camela, Dúo Dinámico, Dvicio eta Huntza taldeak kontratatu dituela jaietan parte hartzeko

rss Ezagutzera eman
Sestaok herriko jaiak ospatuko ditu ekainaren 23tik uztailaren 3ra

ARGAZKIA JAITSI

Sestao, 2022ko maiatzaren 17a. Sestaok berriz ere ospatuko ditu San Pedroren omenezko jaiak, COVID-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez jarraian bertan behera utzi eta gero. Jai-programak ekainaren 23tik uztailaren 3ra arte iraungo du eta, beraz, hamaika egun izango dira ondo pasatzeko eta azkenaldian galdutako poza berreskuratzeko. Kultura Sailak eta Jai Batzordea osatzen duten taldeek euren ilusio guztia jarri dute jai-egitarauaren prestaketan eta gaur prentsaurrekoan aurkeztu dute jaiak iragarriko dituen kartelarekin batera.

Sestaoko bizilagunek 2019ko udan gozatu zituzten azkenekoz San Pedro jaiak. 2020an, gaixotasuna bete-betean zegoela, ez zen jarduerarik egin; 2021ean, berriz, programa alternatibo txiki bat antolatu zen Kasko plazan, une hartan indarrean zeuden osasun-neurriak hartuta.

Aurten, aldiz, egoerak aukera ematen du ohiko jaiak berreskuratzeko, eta normaltasun berriarekin itzuliko dira barrakak, txosnen esparrua, koadrilak, kontzertuak, haurrentzako jarduerak, bilbainadak, carrefoc-ak, zezen suzkoak, erraldoi eta buruhandiak, bai eta tradizioz jai-egitaraua osatu duten gainerako jarduerak ere.

Horrenbestez, herritar guztien gozamenerako ehun jarduera inguru izango dira, egun horietan jai-programazioaz gozatzeko Sestao bisitatu nahi duten pertsona guztiei ere irekiak.

Ainhoa Basabe alkateak eta Eduardo Abad Kultura zinegotziak prentsaurrekoan zera adierazi dute: “Programaren xedea guztiok ilusioa, poza eta dibertimendurako gogoa berreskuratzea da; eta hori horrela izan dadin, era askotako ekintzak dituen programa osatzen ari gara, gustu guztiak asetzeko eta adin-tarte guztiak betetzeko pentsatua, gure Sanpedroak berriro gozatzeko helburua duena”.

Musikari dagokionez, Sestaok kalitate handiko kartela eskainiko du aurten, publiko guztiarentzako taldeak eta eszenaratze zaindua izango dituena. Hori horrela, lotuta dauden kontratazio batzuk aipatzearren, Kasko Plazatik artista hauek igaroko dira: Camela (ekainaren 28an), Dvicio (ekainaren 30ean), Huntza (uztailaren 1ean), Dúo Dinámico (uztailaren 2an), El Mentón de Fogarty (ekainaren 24an) eta Sestaoko dantza-taldeekin batera erromeria egingo duen Korrontzi taldea (ekainaren 23an).

Berriz ere, herriko elkarte-sareak aktiboki parte hartuko du ospakizunetan eta egitarauko ekitaldi ugari antolatuko ditu. Era berean, koadrilak ereprotagonista izango dira eta euren proba deigarriek parranda eta kolorea zabalduko dituzte udalerrian zehar.

Ez dago ganorazko festarik pregoilaririk gabe. Oraingo honetan, AFISES izango da pregoia irakurtzeko ohorea izango duen erakundea, aniztasun funtzionala duten pertsonak ikusgarri egiteko eta beraien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko egin duen lan-ibilbide luzearen aitorpen gisa.

Era berean, San Pedro jaiek kartel iragarlea ere badute, Kultura Sailak deitutako kartel lehiaketaren irabazlea izan den Ricardo Del Rio Serrano sestaoarrarena, hain zuzen. Horrela, bada, Ricardo Del Riok beste sari bat gehitu dio ilustratzaile gisa egindako lanari, aurreko edizioetako jaietako eta inauterietako zenbait kartel lehiaketetan ere irabazle izan baita.​​