SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/02/22

Udalak 2022ko ekitaldirako aurrekontua onartu du, guztira 47,8 milioi euro

Pandemiaren osteko kontuek bultzada eman nahi diote udalerriari eta, horretarako, pertsonei bideratutako gastu soziala eta obra publikoko inbertsioak sustatuko dituzte

rss Ezagutzera eman
Udalak 2022ko ekitaldirako aurrekontua onartu du, guztira 47,8 milioi euro

ARGAZKIA JAITSI

2022ko ekitaldirako udal aurrekontua otsailaren 22ko osoko bilkuran onartua izan da. Udalak 47,8 milioi euroko proiektu bat kudeatuko du; hori horrela, aurreko urtearekin alderatuta, kontuek % 8ko igoera izango dute (4 milioi euro gehiago).

Herriko alkate Ainhoa Basabek esan du aurrekontu ona dela eta Gobernu Taldeak udalerriari bultzada eman nahi diola oso zailak izan diren pandemiaren urte bien ondoren.

Udalburuaren esanetan, aurrekontu horren ezaugarri nagusia pertsonen ongizatea da. Alde batetik, gizarte-politiketan eta enpleguan azken urteotan egiten ari den gizarte-gastu garrantzitsua sendotzen du; bestetik, Basabek azaldu duenez, inbertsio-apustu garrantzitsua egiten du obra publikoa bultzatzeko, eta horrek udalerria eta auzoak hirigintzaren ikuspegitik modernizatzen jarraitzea ahalbideratuko du.

Diru-sarrerak

Udalkutxa Funtsa izango da, aurten ere, Udalaren diru-sarreren iturri nagusia. Sestaok 20 milioi euro jasoko ditu Bizkaiko Foru Aldunditik – 2021ean baino hiru milioi gehiago –, pandemiak eragin duen hilabeteetako geldialdiaren ondoren jarduera ekonomikoari berrekiteak ekarri duen zerga-bilketaren hazkundeari esker.

Beste diru-sarrera nabarmen bat administrazio publikoetatik etorri da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak berak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Interbiak edo Ur Partzuergoak, Sestaoko Udalari 4,2 milioi euro eman dizkiote Sestaoko industria-ondarea berreskuratu eta balioesteko, Galindoko kirol-instalazioak eta Las Llanasko udal-pilotalekua birgaitzeko, edo udalerriko ur-horniduraren zerbitzua hobetzeko.

Aitzitik, ez da aldaketa handirik espero udal-zergetatik datorren diru-bilketan, urte honetarako zergak, tasak eta prezio publikoak izozteko akordioa hartu baita.

Gastuak

Gastuei dagokienez, aurrekontuak ekitaldi honetako erronkei aurre egiteko aukera emango dio Sestaoko Udalari. Ildo horretatik, kontuek udal-zerbitzu guztien finantzaketa bermatzen dute, eta estaldura ekonomikoa ematen diete gaur egun indarrean dauden kontratu guztiei. Era berean, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin Txabarri-El Sol birgaitzen jarraitzeko sinatu dituen konpromisoak ere estalita daude, baita udalerriko kirol-klub eta elkarte soziokulturalekiko lankidetza-hitzarmenak ere.

Pertsonek eta haien ongizateak udal-politiken erdigunean jarraituko dute. Horretarako, Lehen Mailako Gizarte Laguntza programak 3,8 milioi euro izango ditu, hau da, aurrekontuaren % 8. Programa horretan, adinekoei, dibertsitate funtzionala duten pertsonei eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko ekintzak jasotzen dira.

Juan Ellacuria Udal Egoitzaren funtzionamendurako, gobernu-taldeak 3,5 milioi euro gorde ditu; aurrekontuaren % 7,3, alegia.

Enpleguaren, prestakuntzaren eta ekonomia suspertzearen arloan, Udalak Behargintza eta enplegu-planak finantzatzeko hainbat partida gaituko ditu; guztira 1,7 milioi euro, hau da, aurrekontuaren % 3,6.

Garrantzi handia duen Herritarren Segurtasunaren partidak, berriz, 4,5 milioi euro izango ditu; hots, 2022ko ekitaldirako aurrekontuaren %9,4.

Obra publikoari bultzada handia emateko, Udalak 7,6 milioi euroko inbertsio-partida bat kudeatuko du. Hartara, aurrekontuaren % 16,5 biltzen duen kopuru hori erabiliko da kirol-instalazioak birmoldatu, kaleak berriz urbanizatu, irisgarritasuna hobetu eta auzoak bultzatzeko proiektuak gauzatzeko.

Aurrekontuak, halaber, ingurumenaren aldetik iraunkorragoa izango den hiri-eredu baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duten proiektuak abian jartzea ere barne hartzen du. Horrela, udal 2030 Agendaren barruan jasotako jarduerak garatuko dira, hala nola, ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioak instalatzea eta bizikletak alokatzeko zerbitzu bat abian jartzea, garraiobide horren erabilera sustatzeko.

Kultura arloan ere Sestaoko kultura- eta jai-programazioari berriro ekiteko behar diren diru-hornidurak aurreikusi dira, behin COVID-19 pandemiaren ondorioz azken bi urteetan indarrean egon diren murrizketak bukatu ondoren.