SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/02/18

Sestaoko Udalak Adikzioei buruzko lehen Tokiko Plana diseinatzen hasi da

EDEX Fundazioak bilerak egingo ditu gazte eta familiekin lan egiten duten udal-elkarte eta zerbitzuekin, haien ekarpenak jasotzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udala lehen urratsak ematen hasi da adikzioei buruzko lehen Tokiko Plana diseinatzeko. Ekimen hori plangintza, antolamendu eta koordinazio-tresna da, eta tokiko administrazioak datozen urteetan adikzioei aurre egiteko jorratu beharko dituen lan-ildo nagusiak ezarriko ditu.

Lan hori egiteko, Gizarte Ekintza arloak EDEX Fundazioaren laguntza du. Izan ere, erakunde horrek esperientzia handia du jarduera-eremu horren barruan; eta egun, 2020-2022 hirurtekorako lizitazioa irabazi ondoren, Udalarentzat lanean dihardu Adikzioen prebentzioaren arloko ekintzak antolatzen eta dinamizatzen.

Kontratu horrek ezartzen duenaren arabera, bere iraunaldiaren azken urtean, EDEX Fundazioak Mendekotasunei buruzko Tokiko Plan bat egingo du, Udalak Adikzioen arazoari aurre egiteko etorkizunean jarraitu beharreko bidea zehazteko.

Gizarte Ekintzako ordezkari Yosune Serapiok azaldu duenez, Udalak plan errealista nahi du, parte-hartzailea eta helburu neurgarriak dituena. Horregatik, bilerak egingo dira gazteekin eta familiekin lan egiten duten udal-elkarte eta zerbitzuekin, haien ikuspuntuak ezagutzeko eta ekarpenak jasotzeko.

Plan hau egiten parte hartuko duten erakundeetako batzuk honako hauek dira: gizarte-zerbitzuak, Gazteleku, Gazteentzako Informazio Zentroa, Udaltzaingoa, Gizarte eta Hezkuntzan Esku-hartzeko Taldea, Integrando Fundazioa, Secretariado Gitano Fundazioa, Hazbide Fundazioa, Caritas eta Gizakia Fundazioa.

Edex Fundazioko teknikari Juan Carlos Melerok espero du martxoaren erdialdean amaituko dela udal-elkarte eta -zerbitzu guztiekiko bilera erronda hau. Hortik aurrera, lanari ekingo diote, lehenik eta behin Sestaoko egoeraren diagnostikoa egiteko; eta, ondoren, urte erdirako prest eduki nahi duten ekintza-planaren zirriborroa egiteko.