SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/02/14

Sestaok Inauteriak ospatuko ditu martxoaren 4, 5 eta 6an

Jaietako ekitaldi nagusia den mozorroen desfileak 11.000 euro banatuko ditu saritan

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Inauterien alaitasuna Sestaora itzuli da, bi urteko pandemiaren ondoren. Izan ere, martxoaren 4, 5 eta 6an, udalerriak ohiturazko jai hau ospatuko du berriz ere. COVID-19ak jardueren agendak hustu eta jendetza biltzen zuten kultur hitzorduak ospatzea eragotzi ostean, ekitaldi ugariz ostutako inauteri-programak azkenaldian galdutako ilusioa eta alaitasuna berreskuratzea du helburu.

Inauteriak inguruko udalerri gehienetan baino astebete beranduago ospatzen direnez, eta osasun-egoeraren hobekuntzak murrizketak arinduta, asteburu horretan herrian giro ona izango dugula pentsa dezakegu. Hori da, hain zuzen, Udalak nahi duena: jai-giro ona sortzea; eta, horretarako, garrantzitsua da jendeak erantzukizunez jokatzea.

Ildo horretan, inauteriak berriz ere ospatzea albiste ona izan arren, eta ziur aski, 2020ko martxora arte bezala, normaltasuna berreskuratzeko eta jai-ekitaldiez berriro gozatzeko irrikan dauden herritar askorengan poztasun handia eragingo badu ere, Ainhoa Basabe alkateak zuhurtzia eskatu du, azken asteetako osasun-egoeraren hobekuntza sendotu ahal izateko.

"Zalantzarik gabe, inauteriak Sestaoren nortasun-ezaugarrietako bat dira, eta ona da haien ospe ona berreskuratzen hastea, baina buruz jokatu behar dugu, hitzordu honen ondoren beste ekitaldi batzuk egin ahal izateko", adierazi du Eduardo Abad Kultura zinegotziak.

Eskoletako inauteria

Martxoaren 4an, ostirala, ikastetxeak izango dira nagusi eta ikasle eta irakasleak izango dira jaiaren aitzindari. Goizean zehar ikastetxeek euren mozorroak prestatuko dituzte eta 11:00etatik aurrera, bai Albizek, bai Markonzagak kalejira egingo dute herriko erdigunean. Segizioa Kasko Plazan amaituta, bertan, musika eta animazioa izango dute 12:15ak arte. Gainerako ikastetxeek jaia beren instalazioen barruan egitea erabaki dute.

Larunbat goizean, egitarauaren barruan indarra hartu duen ekitaldi bat egingo da: Maskotentzako Inauteria, Zaunka Ladridos maskotentzako aisialdi zentroak, Udalarekin elkarlanean, antolatua. San Pedro plazan txakur eta katuek euren mozorroak erakutsiko dituzte jabeekin batera. 3 sari banatuko dira mozorrorik onenen artean. Sariok guztira 500 €uroko balioa duten opariak izango dira eta, horretaz gain, parte-hartzaile guztiek erregalu bana izango dute. Gainera, San Pedro plazan Animaliak Babesteko elkarteen bi stand jarriko dira maskotentzako produktuekin.

Eguerdiko ordu batetik aurrera, Eusko Lorak taldearen kalejira hasiko da eta, joaldunek lagunduta, Sestaoko auzoetan barrena eramango dute Inauterietako sardina.

Desfile handia

Arratsaldean, 17:30etik aurrera, Paco DJ nekaezinak animazioa eta musika ipiniko du herritar zein bisitarientzat San Pedro Plazan, Inauterietako Desfile Handia 18: 30ean hasten den arte. Segizioak ohiko bidea egingo du: San Pedrotik irten eta Vicente Blasco Ibañez kalea igaro, Kuetoko Gurutzera igo eta, azkenik, Bide Nagusian zehar Kaskora jaitsi. Aurtengo lehiaketak 11.000 euro banatuko ditu Udalak, Ostalarien Elkarteak eta Merkatarien Elkarteak emandako sarietan.

Desfilearen amaieran, Paco DJk musika ipintzeari ekingo dio berriro, 21:00ak aldera epaimahaiaren erabakia ezagutu eta sariak banatu arte. Sari guztiak eman ondoren, jai-giroak kostalaritza-guneetan segituko du. Bertan, Sestaoko El Despiste eta Portugaleteko Kuklux fanfarreak goizaldeko ordu bi eta erdiak arte ibiliko dira beren musikarekin.

Inauteri-ospakizunak igandean amaituko dira. 18:00etatik aurrera ohiko Lapiko-apurtze Jaia egingo da San Pedro plazan, eta Sardina Erretzea La Benedictan, 19: 30ean.

Aurtengo inauteriak iragarriko dituen kartela Laiene Rodríguez sestaoarrak egin du, eta Kultura Sailak deitutako inauterietako kartel lehiaketa irabazten duenarentzat erreserbatutako 800 euroko saria jasoko du. Lau pertsona aurkeztu dira lehiaketa horretara eta laurak Sestaoko emakumeak izan dira.