SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/01/27

La Puntan ikusgai dagoen Bizkaiko Labe Garaietako tren-makina zaharra zaharberritu egingo dute

Birgaitzeko lanak amaitu eta Sestaora itzultzen denean, Udalak makina Labe Garaian birkokatuko du, industria-ondarea berreskuratzeko eta balioesteko proiektuaren zati gisa

rss Ezagutzera eman
La Puntan ikusgai dagoen Bizkaiko Labe Garaietako tren-makina zaharra zaharberritu egingo dute

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak La Puntan ikusgai dagoen tren-makina Azpeitiko tailer batera eraman du, bertan, Trenbidearen Euskal Museoaren gainbegiradapean zaharberritzeko.

Kamioi gondola batek garraiatu du makina Gipuzkoako udalerriko Landeta Burdin Lanak enpresara. Han, estalperik gabe egindako egonaldiak eta ekintza bandalikoek karrozerian eta egiturazko elementuetan eragin dituzten kalteak konponduko dituzte.

AHV-61 tren-makina Bizkaiko Labe Garaiak enpresaren tailerretan egin zuten, eta bertan lan egin zuen 70eko hamarkadan erretiroa hartu zuen arte.

1984. urtetik aurrera, AHV-61 tren-makina Karmengo Landan egon zen ikusgai, elementuen (euria, kresala, haizea) eraginaren aurkako batere babesik gabe. Hori dela eta, kontserbazio-gabezia nabarmenak ditu: pintura hondatua du, korrosioak jota dago eta egiturazko elementuak galdu ditu. Halaber, grafitigileek eragindako kalteak ere nabarmenak dira.

Zaharberritze-lanen kostua ordaintzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Labe Garaia birgaitzeko Sestaori emandako 2,4 milioi euroko zuzeneko diru-laguntzaren zati txiki bat erabiliko du Udalak. Sestao Berri sozietate publikoak, kudeaketa-enkargu bidez Sestaoko Udalaren izenean, esleitu du kontratua 45.000 euroko zenbatekoan.

Birgaitze-lanak amaitu ondoren, gutxi gorabehera bi hilabeteko epean, trenmakina Sestaora itzuliko da, Udala beste administrazio publiko batzuen laguntzarekin garatzen ari den Labe Garaiari lotutako industria-ondarea berreskuratzeko proiektuaren parte izateko. Ondorioz, lokomotora gaur egun 1. labe garaiaren inguruko lurretan sortzen ari den parke berrian kokatuta, ekimen horri zentzu handiagoa emango dion osagai bat izango da.

Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak honako hau adierazi du: “ Tren-makina hori birgaitzea lehenengo jarduera da gure industria-ondarearen balioa nabarmendu eta ezagutarazteko 2022an zehar gauzatuko ditugun ekimenen artean. Ilusioz beteriko proiektua da, eta Sestao Berri-n gogo handiz ari gara elkarlanean Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuarekin”.