Prentsa Aretoa
2022/01/21
Juan Ellacuria Adinekoen Egoitzak medikua eta fisioterapeuta izango ditu otsailetik aurrera
Udalak bi urterako kontratatu ditu zerbitzu horiek, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin
Juan Ellacuria Adinekoen Udal Egoitzak laster izango du zerbitzu mediko bat eta fisioterapiako beste bat, zentroko erabiltzaileek jasotzen duten arreta eta zaintza hobetzeko.
Sestaoko Udalak aste honetan bertan onartu du zerbitzu horiek bi urterako esleitzea. Beste bi urtez luza daitezkeen kontratu horiek, urteko, 90.000 euroko zenbatekoa izango dute. Udalak espero du bi zerbitzu berri horiek otsailean martxan jartzea, kontratuak sinatu ondoren.
Adinekoen egoitzetan aplikatu beharreko egungo arau-esparrua betetzearen ondorioz sortu dira prestazio berri horiek. Zerbitzu medikoa nahiz fisioterapia-zerbitzua akreditatutako profesionalek emango dituzte astelehenetik ostiralera, goizez, udal-egoitzako instalazioetan.
Zerbitzu medikoaren lehentasunezko helburua da egoitzako erabiltzaileen arreta mediko integrala ziurtatzea. Horretarako, balorazio geriatrikoak eta banakako arreta-planak egiteaz gain; asistentzia-arloko protokoloak eta jardun-prozedurak sortu, ezarri eta mantenduko ditu.
Egoitzako erabiltzaileei mediku-azterketa eta tratamenduak agintzeaz aparte, zerbitzu mediko berriak esleituta izango dituen zereginen artean, honako hauek ere nabarmendu behar dira: txertaketa-kanpaina egokiak egitea eta garatzea, erabiltzaileen menuak eta dietak programatzea eta gainbegiratzea, Kuetoko osasun-zentroarekiko koordinazioa eta familiei erabiltzaileen osasun-egoerari buruzko informazioa helaraztea.
Fisioterapia-zerbitzuaren helburu nagusia, arazo fisikoei aurre eginez, egoitzako erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea da. Era berean, lan egingo du pertsonaren autoestimua handitzea ahalbidetzen duten autonomia eta gaitasun funtzionalak mantendu eta hobetzeko.
Alde batetik, zerbitzu honek prebentzio eta mantentze jarduerak garatuko ditu. Arlo horretan, koordinazio, martxa eta oreka-ariketen bidez, sedentarismoa prebenitu eta mugikortasuna, aktibititate fisikoa eta autonomia sustatuko ditu. Bestalde, errehabilitazio eta terapia-lanketak ere egingo dira, autonomia hobetzeko eta eguneroko bizitzako jarduerak berreskuratzeko.
Bi inkorporazio horiekin, Juan Ellacuria Udal Egoitzak egungo legediak behartzen duen zerbitzuen kontratazioarekin jarraitzen du. Ildo horretan, 2017an lantalde psikosozial bat osatzeko gizarte-laguntzaile bat, psikologo bat eta kultura-animatzaile bat kontratatu zituen, eta aurrerago, kalitatea kudeatzeko zerbitzua martxan jarri zuen.
Yosune Serapio Gizarte Ekintza eta Adinekoen zinegotziak hauxe adierazi du: "Espero dugu, profesional horien etorrerari esker, ongizatea bermatuko dien arreta integrala eskaini ahal izango diegula erabiltzaileei; beren bizitzaren azken txanpan ondo zainduta sentitu eta zentroko egonaldiaz goza daitezen".
Juan Ellacuria Udal Egoitza Sestaoko Udalaren udal-zerbitzua da, eta bere jardunaren hiru ildoetan (eguneko arreta, ostatua eta egoitza-zerbitzua) bertan bizi diren adinekoen premia fisiko eta psikikoei arreta eskaintzea du helburu.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14