Prentsa Aretoa
2022/01/13
Kultur Ostiralen denboraldi berriak antzerki, umore-monologoak eta musika eskainiko ditu bere 28 emanaldietan
Aurten Sestaora etorriko diren aktoreen artean, nabarmentzekoak dira Emma Ozores, Iker Galartza, Maribel Salas, Asier Hormaza, Andoni Agirregomezkorta, Sol Maguna, Gorka Aginagalde eta Oscar Terol
Eduardo Abad Kulturako zinegotziak Kultur Ostiralen 2022ko programazio berria aurkeztu du. Egitarau horrek, urtarriletik abendura, 28 emanaldi eskainiko ditu musika-eskolako ekitaldi-aretoan.
Azken urteetan ohikoa izan den bezala, urtarrilean eta otsailean programazioak protagonismo osoa emango die emakumeek osatutako antzerki-konpainiei eta talde amateurrei. Martxotik ekainera bitartean, aldiz, ikus-entzuleek antzerki profesionaleko lanak ikus ahal izango dituzte; eta aurten, besteak beste, La Casa de Bernarda Alba eta ¡Ay Carmela! klasiko handiekin gozatzeko aukera izango dute. Udaren ostean, berriz hasiko dira Kultur Ostiralak umorezko monologoekin; eta, urtea amaitzeko, musika-emanaldiak eta opera iritsiko dira.
Kultura Arloak Kultur Ostiralen programaren aurrekontua handitu du, kalitate handiagoko obrak kontratatzeko, betiere publiko sestaoarraren gustua aintzat hartuta. Aurten Sestaora etorriko diren aktoreen artean, nabarmentzekoak dira Emma Ozores, Iker Galartza, Maribel Salas, Asier Hormaza, Andoni Agirregomezkorta, Sol Maguna, Gorka Aginagalde eta Oscar Terol.
Musikaren arloan, aldiz, programak honako emanaldi hauek eskainiko ditu: Gozategi taldearen kontzertu akustikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren hari- laukotea, Camerata Lírica opera-konpainia eta María Berasarte fado-abeslaria.
Hainbat urtez jarraian sarreren prezioari eutsi ondoren, denboraldi berri honetan umorezko monologoen eta antzerki profesionalaren sarrerak euro bat garestituko dira. Hala eta guztiz ere, Sestaok kultura eskuratzeko oso prezio onak eskaintzen jarraituko du. Izan ere, inguruko beste udalerri batzuekin alderatuz gero, horietan antzerki-lan berberetarako sarreren prezioa garestiagoa izaten dela ikus dezakegu.
Denboraldiaren hasieran, sarrerak Musika Eskolako txarteldegian erosi ahal izango dira soilik; dena den, Kultur Arloa lanean ari da datozen hilabeteetan sarreren online salmentari ere berriro ekiteko.
Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren hedapena geldiarazteko onartu dituen neurri berriekin bat etorriz, denboraldiaren hasieran edukierak % 60ko muga izango du, eta maskara erabili eta COVID pasaportea erakutsi beharra egongo da aretora sartu ahal izateko. Hala ere, Udalak espero du neurri horietako batzuk egungo osasun-egoerak hobera egin bezain laster lasatu ahal izatea.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14