SESTAO

Prentsa Aretoa

2022/01/18

Felipe Garduñok eta Nati Cuevasek Udalaren laguntzaz argitaratu den ‘Historia y evolución de Sestao a través de sus imágenes’ liburua aurkeztu dute

Egileek XVIII. mendearen hasieratik gaur egunera arte udalerriaren hirigintzak izan duen eraldaketa errepasatu dute

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Felipe Garduñok eta Nati Cuevasek "Historia y evolución de Sestao a través de sus imágenes" liburua argitaratu dute. Bertan, XVIII. mendearen hasieratik gaur arte gure udalerriaren hirigintzak bizi izan duen eraldaketa sakonaren errepaso historikoa egiten dute 600 argazkiren bidez.

Felipe Garduñok joan den asteartean egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, argitalpen hau egiteko ideia joan den mendeko 80ko hamarkadaren hasieran sortu zen, Udaleko zinegotzi zela udal-artxibora sartu eta, udal-biltegian gordeta, balio historiko handia duten antzinako irudi ugari aurkitu zituenean.

Informazio horrekin guztiarekin batera, La Navalen lanean hasi eta 1971n Sestaora iritsi zenetik Nati Cuevasek sortu duen argazki-artxiboaren aukeraketa batek eta “Sestao en el Recuerdo” kudeatzen duen Luis Casasek laga dituen irudiek ere osatu dute herriaren historia hirigintzaren ikuspegitik ezagutu nahi duen ororentzat ezinbestekoa den liburu hau.

Bidaia historiko honek XVIII. mendearen hasieran du abiapuntua, Sestao baserri eta laborantza-lur batzuez osatutako herri nekazaria zenean. Ondoren, Simondrogas, Txabarri eta El Carmen auzoak sortu zituen Ibar berriaren eta ibar zaharraren industrializazio-prozesuarekin eta lehen langileen etorrerarekin jarraituko du. Jarraian, XX. mendearen erdialdetik aurrera bizi izandako desarrollismo garaia etorriko da, hots, Kueto, Albiz eta Markonzaga auzo berrien eraikuntza bultzatu zuena; eta, azkenik, garai demokratikoaren etorrerak eraldaketa berri bat erakutsiko digu, udalerriko berdegune eta zerbitzu berrien sorrera izan zena.

Obra honek denboraren kapsula batean murgilduko du irakurlea eta, beste garai nostalgikoago batzuetara eramanda, egungo Sestao herriari forma eman dioten auzo eta kaleen jaiotza eta eraldaketa oroitzeko aukera emango dio. Helduentzat eta adinekoentzat beren iragana gogoratzeko modua izango da.

Gazteei, berriz, liburuak herria hobeto ezagutzeko bidea emango die. «Gertuko liburu familiarra da, jende askok ezagutu duen historiaz ari garelako», dio Nati Cuevasek. Felipe Garduñok, aldiz, Sestaori harrotasuna eta maitasuna transmititzen saiatzen den liburua dela dio.

Proiektuaren interesa dela eta, Udalak diru-laguntza eman du liburu hau argitaratu ahal izateko. «Udalerriaren hirigintza-ibilbidea oso modu bisualean errepasatzen duen obra da. Oso luzea dirudi, baina erraz irakurtzen da», nabarmendu du Eduardo Abad Kultura zinegotziak.

Liburua Sestaoko liburu-dendetan dago salgai. Oraingoz, harrera ona izaten ari da auzokoen artean, eta hainbat tokitara ere bidali dituzte aleak, hala nola Mexiko, Girona, Madril eta Zaragozara.