Prentsa Aretoa
2021/12/16
30 jardueratik gora izango dira Sestaoko gabonetako egitarauan
Osasun egoerak ahalbidetzen badu aurten Olentzeroren kalejira eta Erregeen Kabalgata berreskuratuko dira
Gabonak gerturatzen ari dira, eta haur, heldu eta nagusiek egun horietaz gozatzeko aukera izan dezaten, Sestaoko Udalak eta elkarte soziokulturalek 30 jarduera baino gehiago prestatu dituzte, abenduaren 17an, ostiralean, hasi eta urtarrilaren 5ean amaituko dena Errege Magoen Kabalgata tradizionalarekin.
Aurten, berrikuntza gisa, Kuetoko Gurutzerako Igoera izeneko ekimen atsegina antolatu da, urtarrilaren 1ean. Gabonetan mendi tontorretan urteari agur esan eta urte berria hasteko ohitura dagoenez, kasu honetan proposamena Sestaoko punturik altuena bisitatzekoa da, Kuetoko Gurutzean dagoena, argazki bat atera eta sare sozialetan argitaratzeko.
Aurten kontuan hartu beharreko beste puntu garrantzitsu bat Olentzeroren kalejira eta Errege Magoen Kabalgata berreskuratuko direla da, betiere osasun-egoerak horretarako aukera ematen badu, iaz pandemiaren ondorioz jarduera horiek modu estatikoan egin behar izan ondoren. COVID-19aren aurkako txertoa hartu duten pertsonen kopurua gero eta handiagoa den arren, osasun-egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du; horregatik, Gabonetako jai hauetan, jarduerak modu seguruan gozatzeko mezuak lehentasuna izan behar du.
Egitaraua ostiral honetan hasiko da, Txabarri Gabon Bizi Balkoiak eta Leihoak edertzeko III. Lehiaketaren, Gaztelekuko Antzerki Tailerraren Gabonetako emanaldiaren eta Marrazketa Fantastikoaren XXV. Lehiaketaren sari banaketarekin.
Gabonetan egin ohi den bezala, Kultura Sailak haurrentzako hainbat ikuskizun programatuko ditu Musika Eskolan, hala nola, honako antzezlan hauek: «Perez Sagutxua» (abenduaren 23an), «Il piccolo teatro del burattini e la magia» (abenduaren 27an), «Go! Azen 8.0» (abenduaren 28an) eta Txirri, Miarri eta Txiribiton pailazoen emanaldi bat (urtarrilaren 3an). Gurutze Beitia ere kultur programazioan izango da abenduaren 29an, helduei barre eragiteko umorezko bakarrizketa batekin.
Gizarte Ekintza Sailak jarraipena emango dio Txabarri Sestaon Bizi esku-hartze sozio komunitarioko programari, eta, balkoiak eta leihoak edertzeko lehiaketaz gain, abenduaren 27an eta 30ean hainbat jarduera antolatuko ditu haurrentzat. Jarduera horiek Hiru Kontzejuen Plazan egingo dira – Euria egiten badu, El Sol parkeko frontoian –, hala nola gaztelu puzgarriak eta ohe elastikoak, txotxongiloen saio bat, aurpegiak margotzea, malabarrak eta esku-pilota txapelketa bat El Soleko frontoian, Lagun Artea elkartearen lankidetzarekin.
Gaztelekuk ere jardueraz bete du Gabonetako oporraldia. Beren lokaletan, gazteek DJen tailer batean, Gabonetako beste tailer batzuetan, txapelketetan, urteari agur esateko festa batean eta beste hainbat ezustekotan parte hartu ahal izango dute, nerabeek jai hauetaz goza dezaten.
Abenduaren 24a Olentzeroren eguna izango da. Aurten Sestaoko haurrek Olentzerori gutuna eman ahal izango diote Kuetoko ikastetxe publikoko patio estalian egongo den baserrian. Arratsaldean, osasun-egoerak ahalbidetzen badu, kalejira egingo da ikastetxetik Kasko plazara.
Era berean, osasun-egoerak aukera ematen badu, urtarrilaren 5ean Erregeen Kabalgata berreskuratuko da Juan Ellacuria Adinekoen Egoitzatik San Pedro Plazaraino. Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek Sestaoko haurrak hartuko dituzte eta haien gutunak jasoko dituzte.
Udalak bultzatutako programazioaz gain, garai honetan ohikoa da Sestaoko elkarteek Gabonen ospakizunetan beraiek ere dena ematea. Larunbat honetan, 3 Kontzeju elkarteak, Txabarriko Olentzero antolatuko du eta Sestaoko Orfeoiak bere bazkideen omenezko kontzertua eskainiko du. Andaluziako El Olivo Etxeak, berriz, Gabonetako ohiko jaialdia antolatuko du larunbat eta igandean.
Abenduaren 23an, Las Llanas Kiroldegian, urteko kirolari onenen omenezko gala egingo da, eta bertan Josu Azurmendi hil berri den Udaleko Kirol Zuzendaria bereziki oroituko da.
Abenduaren 26an Amatza Abesbatza Musika Eskolako agertokira igoko da Gabonetako kontzertua eskaintzeko eta Katxarrada perkusio taldeak batukada ikuskizuna egingo du San Pedro Plazan. Abenduaren 30ean Sestao Abesbatza eta Babcock abesbatzak kontzertua eskainiko dute Musika Eskolan, baita Hijos de Galicia Elkarteko Saudade abesbatzak ere, urtarrilaren 4an.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14