SESTAO

Prentsa Aretoa

2021/06/02

Udalak Las Llanas futbol-zelaiko tribuna-harmailan komun irisgarriak izateko obren kontratazioa hasi du

Komunak sototik egungo prentsa-eremura eramango dira

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak bainu irisgarriak eraikiko ditu Las Llanas futbol-zelaiko tribuna-harmailan. Jarduketa azken urteetan kirol-ekipamendu honetan egiten ari den berrikuntza-planean sartzen da. Obrak egikaritzeko kontratua lizitazioan jarri da, eta gehienez 153.000 euroko aurrekontua du. Gainera, gauzatzeko 16 asteko epea ezarri da.

“Joan den astean, Udalbatza Osoaren bilkura amaitu zenean, aditzera eman genituen bi kreditu-aldaketa, aurtengo udal-aurrekontuan 1 milioi euro sartzeko. Helburua inbertsio berriei aurre egitea da. Gaur lehenengo proiektua aurkeztu nahi dugu. Las Llanas futbol-zelaian komunak eta prentsa-eremua eraberrituko da, eta banaketa berria izango du. Jarduera honekin aurrerapausoak ematen jarraitu nahi ditugu pertsona ororentzat Sestao irisgarria eraikitzeko”, azaldu du Ainhoa Basabe alkateak, Jesús Amenedo Kiroletako zinegotziarekin eta Leire Fernández Obretako ordezkariarekin gaur emandako prentsaurrekoan.

Komunak tribunako harmailaren sotoan daude, eta ez dira irisgarriak, joateko eskailerak jaitsi behar baitira. Arazoa ebazte aldera, komun berriak egungo prentsa-eremura eramango dira. Modu horretan, pertsona guztiek erabiltzea bermatuko da.

Tribunako harmailaren bainu berriek honako hauek izango dituzte: dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako komuna, emakumeentzako komuna (eskuak garbitzeko 4 konketa eta 4 komun) eta gizonentzako komuna (eskuak garbitzeko 4 konketa, 4 komun eta 12 pixatoki). Proiektu honi esker, edukiera ere gehituko da.

Sotoan aske geldituko den gunean gimnasio txikia egingo da futbol-taldeek erabiltzeko, baina, aldi berean, materialak gordetzeko eta noizean behin prentsaurrekoak egiteko.

Azkenik, harmailan prentsa-palko txikirako eserlekuen hiru ilara erabiltzea planteatzen da. Bertan kokatu nahi dira partidetara joaten diren kazetariak.

Lizitazioa argitaratuta dago Sestaoko Udaleko webguneko kontratatzailearen profilean. Enpresa interesdunek ekainaren 28ra arte izango dute eskaintzak aurkezteko.

Las Llanas futbol-zelaian zenbait hobekuntza egin dira azken urte hauetan: argidorreetan LED fokuak jartzea, preferentziako harmailan komunak berritzea, megafonia berria ipintzea, tribunako eserlekuak aldatzea eta preferentziako harmailara irisgarritasuna hobetzeko eskailera-mailak zuzentzea. Jarduketa honekin Udalak beste urrats bat emango du 2023. urtean ehun urte beteko dituzten instalazioak egokitzeko.