SESTAO

Prentsa Aretoa

2017/11/23

Juan Ellacuría Udal Egoitza lantalde psikosozial batez hornitu da

Taldeak psikologian, giza-laguntzan eta gizarte eta kultura arloko animazioan espezializatutako profesionalak ditu eta bere helburua egoiliarren ongizatea hobetu eta familiei laguntza ematea da

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Lege berria betetzeko asmoz, Sestaoko Udalak arlo psikosoziala ireki du Juan Ellacuría adinekoen Udal Egoitzan, arlo hau psikologian, giza-laguntzan eta gizarte eta kultura arloko animazioan espezializatutako profesionalez osaturik egongo delarik. Flori Núñez Gizarte Ekintza eta Adinekoak arloko zinegotziak azaldu duen bezala, zerbitzu honekin “egoiliarrei zerbitzu integralagoa emateko aukera izango dugu", nahiz eta Udalaren asmoa "une jakin batean zerbitzu hori behar duten senideei eskaintzea" ere izan.

Talde psikosoziala azaroaren batean hasi da lanean honako ezaugarri hauekin:

  • Gizarte laguntza: Pertsona honek zenbait jarduketa egiteko ardura izango du, hala nola, egoitzan sartzeko prestatze aldera, egoiliar berria eta haren familiari harrera eta elkarrizketa egin, hasiera batean balorazio soziala egin eta heriotza kasuetan egoiliar eta senideei laguntza eman, kasu bakoitzean baliabide egokiena erabiliz. Egoiliarren bat hiltzen bada, senideei deitzeaz eta haren lekualdatzea egiteko tramite burokratiko guztiak egiteaz ardura daiteke. Egoitzako lan sozialaren plangintza egiteaz eta lana antolatzeaz ere arduratzen da, egoiliarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuen programazio egoki baten bidez.
  • Laguntza psikologikoa: Egoiliarren balorazioa egiten du haien egoera ezagutzeko eta horretarako kontuan hartzen ditu ikuspuntu emozionala, arreta ahalmena eta funtzio kognitiboa (prozesu mentalak).  Helburu terapeutikoak ezarri eta ban-banako eta taldeko psikoestimulazio programak ebaluatzeaz ere arduratzen da, talde teknikoarekin elkarlanean.
  • Kultur dinamizazioa: Aisialdirako jarduketak antolatu eta egoiliarren estimulazio kognitiboa antolatzeko ardura du, bai goizean bai arratsaldean. Egoitzan zegoen hutsune handi bat betetzen du, zenbait unetan enplegu programen eta boluntarioen bidez betetzen saiatu zena.

Talde psikosoziala lanean jartzearekin batera, senideei laguntza emateko zerbitzua sortu da, honen helburua egoitzan duen senideari buruzko informazioa ematea, hitzaldietan parte hartzera gonbidatzea eta beharrezkoa izanez gero heriotza kasuetan laguntza eskaintzea da.

Abenduaren 13an senideei bilera baterako deia luzatuko zaie berrikuntza hauen guztien berri emateko. Zerbitzu psikosoziala martxan jartzeak urtero 66.000 euroko kostua du.