Prentsa Aretoa
2026/04/22
Sestaok Elektrizitatea eta Elektronika modulua sartu du bere Oinarrizko Lanbide Heziketako eskaintzan
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak soldadurako ziklo guztia Barakaldoko Nicolas Larburu institutuan metatuko du
Sestaoko Udalak Oinarrizko Lanbide Heziketako Zentroari dagokion prestakuntza-eskaintzan 2026-2027 ikasturterako izango diren berrikuntzak iragarri ditu ikasketak eskualdeko ekonomia- eta industria-inguruneko egungo beharretara egokitzeko apustuan.
Duela urte asko, udalerrian Oinarrizko Lanbide Heziketaren hiru modulu izan dira: sukaldaritza-ostalaritza, ile-apainketa-makillajea eta soldadura. Dena den, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-eskaintza berrantolatu du Ezkerraldean, eta antolaketa berri horren esparruan, soldaduraren arloko prestakuntza Barakaldoko Nicolas Larburu institutuan metatuko da. Bertan irakatsiko dira Oinarrizko Lanbide Heziketa eta gradu ertain eta goi-graduko zikloak espezialitate horren barruan.
Erabakiaren ondorioz, Sestaoko Udalak hurrengo ikasturtean ez du eskainiko soldadurako moduluaren lehen maila. Hala eta guztiz ere, zentroak bermatuko du egun espezialitate hori egiten ari diren ikasleek jarraitzea eta, hala, bigarren maila egin ahalko dute ikasketak ohiz amaitzeko.
Espezialitate hori ordezteko, Udalak inguruneko enpresa-ehunaren eskeak aztertu ditu. Azterketa horren ondorioz, erabaki da prestakuntza-ibilbide berri bat gehitzea elektrizitatearen eta elektronikaren arloan. Enplegagarritasun handiko arloa da eskualdean, batez ere, industriako mantentze-lanekin lotuta.
Hezkuntzako zinegotzi den Borja Ramónek balorazio positiboa egin du aldaketaren harira: “Gure helburua da prestakuntza erabilgarria eskaintzea, gure inguruneko lan-errealitatearekin konektatuta dagoena eta gure ikasleei benetako enplegu-aukerak irekitzen dizkiena. Hain zuzen ere, elektrizitatearen eta elektronikaren modulua sartzeak Ezkerraldeko enpresetan antzeman den beharrari erantzuten dio.
Aldi berean, Udalak jarraitzen du aurrerapausoak ematen Las Llanas ikastetxe ohia eremu berri gisa egokitzeko Oinarrizko Lanbide Heziketa irakaste aldera. Modulu berriak hasierako proiektua apur bat aldatzeko eskatuko du. Hala, bi ikasgelak bereizten dituen horma kendu beharko da. Ez da jarduketa garrantzitsua, eta eremua espezialitate berriaren beharretara egokituko da.
“Prestatzen ari garen instalazioek halabeharrezko baldintza guztiak dituzte prestakuntza berme osoz irakasteko. Esku-hartze txiki bat da proiektu zabalago baten barruan, eta gure konpromisoa azaltzen du Sestaon Oinarrizko Lanbide Heziketa izatearekin”, gaineratu du Borja Ramónek.
Udalak azpimarratu nahi izan du berrantolaketa honek hezkuntza-eskaintzaren egiturazko aldaketei erantzuteaz gain, udalerrian Oinarrizko Lanbide Heziketa jarraitzearen eta ikasleen eta irakasleen ongizatearen aldeko konpromisoa berresten duela.
“Sestaon eutsi nahi diogu kalitatezko Oinarrizko Lanbide Heziketaren aldeko apustuari, gure gazteei lagunduz beren garapen pertsonalean eta profesionalean eta ekarpena eginez gure inguruneak aurrera egin dezan”, amaitu du esanez zinegotziak.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/04/21
BERRIA
2026/03/30
BERRIA
2026/03/27
BERRIA
2026/03/25
Berri ikusiagoak...
BERRIA
2025/10/09
BERRIA
2025/11/07

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























