Prentsa Aretoa
2025/03/03
8M eta Vicente Díez plazak sortzeak, eta bi bloke —7 eta 15 etxebizitza sozialekoak— sustatzeak Sestaoko Txabarri-El Sol auzoko hiri-eraldaketa bultzatzen dute
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak auzo osoan egindako jarduketak —jada amaituta— 12 milioi eurotik gorako inbertsioa eragin du, eta guztira 69 etxebizitza eta hirigintzako hainbat esku-hartze osagarri barne hartu ditu

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso, Sestaoko alkate Ainhoa Basabekin batera, Sestaon izan da astelehen honetan, Txabarri-El Soleko 1 Egikaritze Unitatean (UE1) hark gidatzen duen sailak bultzatutako hirigintzako esku-hartzeak bertatik bertara ezagutzeko. Esku-hartze horien artean nabarmentzekoak dira 8M plaza berria, Txabarri eta Orixe kaleen artean herritarrentzat eraldatutako gunea, Vicente Díez plaza eta bi etxebizitza-blokeren sustapena, Txabarri 67an eta Orixe 6an, hurrenez hurren, Sestaoko Hiri Berroneratze Planaren barruan kokatuak. Lan guztiak amaituta daude.
Bisitak garrantzi berezia hartu du martxoaren 8aren —Emakumearen Nazioarteko Eguna— testuinguruan, berdintasuna eta hiri ingurune inklusibo eta irisgarriak izateko eskubidea aldarrikatzen den egunean. "Hiri-berroneratzea ez da azpiegituren kontua bakarrik, justizia sozialaren eta ekitatearen kontua ere bada. 8M plaza bezalako espazioek eta Txabarri-El Sol auzoan irisgarritasunean egindako hobekuntzek pertsona guztientzako udalerri bizigarriagoak eta seguruagoak eraiki ditzakegula erakusten dute", azpimarratu du Denis Itxaso sailburuak.
Sestaoko alkate Ainhoa Basaberen aburuz, lau proiektu horiek “agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzak eta Udalak Txabarri-El Sol auzoa biziberritzeko duten konpromisoa, gaur egun indarrean dugun lankidetza-hitzarmenaren bidez egituratzen dena”. Gauzatu diren ekintza guztien artean, Basabek azpimarratu du datozen asteetan martxan jarriko diren hiriko hiru igogailu berriak zabaltzeak ekarriko duen hobekuntza. Igogailu horiek inguru horretan dauden desnibel handiak gainditzen lagunduko dute. “Elementu mekaniko horiek oso garrantzitsuak dira, bizitza askoz erosoagoa egingo baitiete gure bizilagunei”, aitortu du.
Funtsezko ingurune bat eraldatzea: 8M plaza eta irisgarritasuna Txabarrin
Eusko Jaurlaritzak, Pablo García Astrain buru duen Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren bitartez, 4,9 milioi euroko inbertsioa egin du UE1 urbanizatzeko. Horri esker, Txabarri auzoaren behealdea eta Orixe kalea lotzen dituen espazio publiko ireki bihurtu da etxadi-patio bat, hiri-mugikortasuna erraztuz. Esku-hartzearen barruan bi hiri-igogailu instalatu dira, historikoki barne-konexiorako arazoak izan dituen ingurunean irisgarritasuna hobetzeko.
"Plaza hau, topagune berri bat izateaz gain, auzoaren eraldaketaren sinboloa da, hirigintza gizatiarrago eta jasangarriago baterako bidean beste urrats bat", azpimarratu du Itxasok.
Horrez gain, District Heating-eko instalazioen estalkia urbanizatzea ere jarduketa azpimarragarria da, bertan plaza berri bat sortzeko eta igogailu bat jartzeko aprobetxatu baita. Esku-hartze hori Sestao Berriren bidez gauzatu da, Eusko Jaurlaritzak berokuntza-sistema instalatzeko aurrez emandako dirulaguntzekin. Goiko aldean, UU5en jarduketa-hitzarmenaren barruan dagoen Vicente Díez plaza Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Sestaoko Udalak ordaindu dute, eta Sestao Berrik gauzatu du.
Txabarri-El Sol berroneratzeak bi etxebizitza-sustapen barne hartzen ditu, auzoa biziberritzen laguntzeko. Lehenengoa Txabarri 67an dago, eta 4 solairutan banatutako 7 etxebizitza eta plazara begira dagoen lokal bat ditu, CLT (Cross Laminated Timber) egurrean oinarritutako eraikuntza-eredu berritzailearekin. Egur horrek jasangarritasuna eta energia-efizientzia ematen die etxebizitzei. Bigarren sustapenak, Orixe 6an, 6 solairutan banatutako 15 etxebizitza ditu eta bere kalitate arkitektonikoagatik nabarmentzen da. Bi sustapenen artean 3,3 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo da.
Bisitan zehar, sailburuak eta alkateak Orixe 6ko etxebizitzen barrualdea ezagutzeko aukera izan dute. Sustapen horrek Eusko Jaurlaritzak etxebizitza sozialaren alde egindako apustua erakusten du, diseinu eta bizigarritasun estandar altuekin. "Proiektu honek erakusten du etxebizitza publikoa kalitatearen, irisgarritasunaren eta energia-efizientziaren erreferente bat izan daitekeela eta izan behar duela", azpimarratu du Itxasok.
Txabarri biziberritzearekin eta Sestaoren etorkizunarekin konpromisoa
Txabarri-El Soleko UE1eko jarduketa Eusko Jaurlaritzak, Sestaoko Udalak eta Sestao Berrik elkarlanean egiten duten hiri-berroneratzeko plan zabalaren parte bat baino ez da. Prozesu hori 2021ean sinatutako hitzarmen batekin hasi zen, eta 12 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten du auzoa osorik berritzeko; bertan bost bizitegi-sustapen berri barne hartzen dira, guztira 69 etxebizitza eta hirigintzako hainbat esku-hartze osagarri.
Eraldaketa horren aurrekarien artean aipatzekoak dira El Arco etxea eta frontoiko plaza berreskuratu izana eta Gerra Zibileko aireko erasoen babesleku bat gorde izana, elementu horiek udalerriaren ondarearen eta nortasunaren parte baitira.
"Txabarriren biziberritzeak erakusten du administrazioek elkarrekin lan egin dezaketela pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Gure auzoetara bizitasuna itzuliko duten eta etxebizitza duina lortzea bermatuko duten proiektuen alde egiten jarraituko dugu", esan du sailburuak.
Bisita honekin, Eusko Jaurlaritzak Sestaorekin eta herritarrekin duen konpromisoa berresten du, hiri-azpiegitura hobetzeaz gain, udalerrian gizarte-kohesioa eta aukera-berdintasuna lortzen ere laguntzen duten jarduketak bultzatuz.
ERANSKINA: Txabarriko eta Orixeko bizitegi-proiektuen deskribapena
Txabarri 67an dagoen bizitegi-eraikinak 7 etxebizitza ditu, guztiak trastelekuekin eta garajerik gabe. 2 logelako 6 etxebizitzek eta 3 logelako etxebizitza egokitu batek osatzen dute. Energia-efizientziari dagokionez, proiektua ziurtagiri gorena lortzeko diseinatu da, A letrako kalifikazio energetikoarekin. Jasangarritasunaren eta eraikuntzan berrikuntzaren alde egindako apustuagatik bereizten da proiektu hau. Txabarri-El Soleko Biomasako District Heating-era konektatuta dago. District Heating energia berriztagarriak erabiltzen dituen berokuntza-sistema zentralizatua da. Gainera, eraikinaren egiturak bi eraikuntza-teknologia mota konbinatzen ditu: CLT egurrezko egitura eta hormigoizko egitura konbentzionala tokian bertan.
Bestalde, Orixe 6an dagoen eraikina 15 etxebizitzek osatzen dute, guztiak trastelekuarekin eta garajerik gabe. Eraikina honela banatuta dago: gela bateko 7 etxebizitza, 2 logelako 6 etxebizitza, 2 logelako etxebizitza bat eta 3 logelako etxebizitza bat. Energia-efizientziari dagokionez, A letra daraman energia-ziurtagiria lortu du eraikinak. Proiektu horrek aerotermia indibidualeko sistema bat du, eta, hala, klimatizazioa efizienteagoa izatea eta ingurumen-inpaktua murriztea bermatzen da. In situ egindako hormigoizko eraikuntza konbentzionalean oinarritzen da haren egitura. Bi proiektuek jasangarritasunarekiko, energia-efizientziarekiko eta eraikuntza-berrikuntzarekiko konpromiso sendoa erakusten dute, eta, hala, gaur egungo bizigarritasun-beharrei eta ingurumena errespetatzeari erantzuten diete.
Nabarmenak...
BERRIA
2025/04/24
BERRIA
2025/04/23
BERRIA
2025/04/22
BERRIA
2025/04/11
BERRIA
2025/04/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2024/05/14
BERRIA
2023/12/11