SESTAO

Prentsa Aretoa

2021/01/27

Udalak ez du kobratuko terrazei buruzko tasa 2021eko lehenengo seihilekoan

Ostalaritzaren sektoreari laguntzak hurrengo egunetan hasiko dira ordaintzen

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak 2021eko lehenengo seihilekoan ez du terraza nahiz aulki eta mahaien tasa kobratuko, COVID-19aren ondorioz bizitzen ari diren egoera zaila arintze aldera ostalaritzaren sektoreari laguntzeko.

Talde horrek bere lana garatzeko dituen murrizketak ikusirik, Gobernu Taldeak urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean ordainketaz salbuestea erabaki du.

“Ostatariekin bileratan hartu genuen konpromiso bat da, baina ondoreak izan zitzan aurrekontua onetsia egotea beharrezkoa zen. Udal-kontuak atzo onartu ondoren, dagoeneko barne gestioak egin dira terrazak eta mahai nahiz aulkiak tasa ordaintzez salbuetsiak gelditzeko”, azaldu du Ekonomia Sustapenerako zinegotziak, Jesús Amenedok.

Urteak aurrera egin ahala, pandemiaren bilakaerari eta sektoreak jasan ditzakeen murrizketei erreparatuz, Udalak urteko bigarren seihilekorako erabakia hartuko du.

Laguntza ekonomikoak

Neurri fiskal honetaz gain, hurrengo egunetan Udala udal-laguntzak ordaintzen hasiko da, talde honekin konpromiso hori ere bereganatu baitzuen.

Joan den urtarrilaren 15ean eskaera-epea amaitutakoan, Udalak guztira 85 eske jaso ditu. “Eskaerak fiskalizatu eta ebazteko orduan arinak izate aldera, Behargintzako bi pertsona jarri ditugu lanean”, aipatu du zinegotziak.

Aurreko astean 23 ostalaritza-establezimenduri laguntza ordaintzeko lehenengo dekretua sinatu zen, dokumentazio guztia behar bezala aurkeztu baitute. Nolanahi ere, horiei bihar edo ostiralean ordainduko zaie.

Aste honetan Behargintzak dokumentazioa modu egokian aurkeztu duten eskaera guztien fiskalizazio eta dekretuekin amaitzea espero du. Horrenbestez, hurrengo astetik aurrera urritasunen bat zuzendu behar dutenekin hasiko dira. Udalaren ustez otsailaren erdialderako laguntza guztiak likidatuak egongo dira.

Laguntzak 800 eta 1.700 euro artekoak ziren, establezimenduei jartzen zitzaizkien baldintza desberdinen arabera. Ildo horri eutsiz, orain arte ikuskatu diren datuekin, batez beste 1.100 euro emango dira.