SESTAO

Prentsa Aretoa

2020/11/20

Behargintzak 3R Sestaolan enplegu-programa jarri du abian

Proiektu berri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz bultzatu da eta 130 pertsonari orientabidea, lanpostua aurkitzeko baliabideak eta lan-prestakuntza emango die, osasun-krisiaren ondorioz enplegua galdu badute

rss Ezagutzera eman
Behargintzak 3R Sestaolan enplegu-programa jarri du abian

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Behargintzak enpleguaren arloan ekimen berria jarri du abian, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren laguntza ekonomikoari esker.

3R Sestaolan da gaur bertan abiarazi den programa berriaren izena. Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioz aurten enplegua galdu duten pertsonentzat da.

3R Sestaolan programa laguntza osorako da eta hiru lan-ildoren bitartez (orientabidea, lanpostua aurkitzea eta lan-prestakuntza) langabetuek enplegua lortzeko egiazko aukerak sortzen saiatuko da.

Lan-orientabideak honako hauek ditu xede: lan-merkatuan sartzeko prozesuan pertsonei informazioa ematea, banako egoeraren diagnostikoa egitea, aholkuak eskaintzea, motibatzea eta laguntzea.

Lanpostua aurkitzearen arloan partaideei laguntza emango zaie lan-merkatuan sartzeko eta, horretarako, enpresekin topaketak antolatuko dira eta eskaintzak lortzeko planak garatu ere bai.

Azkenik, lan-prestakuntzak gaitasun digitaletan prestakuntza-gabezia duten langabetuei abileziak lortzeko aukera emango die eta, horretarako, guztira 30 prestakuntza-ordu egingo dituzte.

Programa honetan parte hartzeko izen-emate epea gaur, ostiralean, ireki da eta 2021eko urtarrilaren 31n amaituko da edo lehenago, eskainitako 130 plazak amaitzen badira. Laguntza-lana interesdunek izena ematen duten heinean gauzatuko da eta gehienez jota 2021eko martxoaren 31n amaituko da.

Proiektu hau Sestaon erroldatutakoentzat da, alarma-egoeraren aitorpenarekin bat etorriz, aurtengo martxoaren 14tik aurrera lanposturik gabe gelditu badira eta Behargintzan nahiz Lanbiden izena emana badute.

Garrantzitsua da adieraztea hautatzeko orduan izen-emateen ordena kontuan hartuko dela, horregatik, interesdunek lehenbailehen agertu behar dute Behargintzan izena emateko.

Programa hau Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatzen du.