SESTAO

Prentsa Aretoa

2020/10/01

Sestaok 1 milioi euro baino gehiago bideratuko du 71 langabetu kontratatzeko

Astelehenean, urriaren 5ean, Enplegu Plan berrian izena emateko epea irekiko da

rss Ezagutzera eman
Sestaok 1 milioi euro baino gehiago bideratuko du 71 langabetu kontratatzeko

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak 71 langabetu kontratatuko ditu tokiko enplegu-plan berriaren esparruan. Nolanahi ere, batera finantzatzen dute Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, eta Sestaoko Udalak. Aurtengo inbertsioa azkeneko urteetan egindakoetatik handiena izango da, Eusko Jaurlaritzak 876.127 euro inbertituko baititu eta Sestaoko Udalak 398.040 euroko ekarpena egingo baitu, beraz, guztira 1 miloi euro baino gehiago da.

Kontratazioek 6 hilabeteko iraupena izango dute eta Lanbidek programa onetsi duela helarazten denetik 2021eko ekainaren 30era arte garatuko dira. Kontratatutako pertsonek hainbat proiektu eta programa gauzatuko dituzte udalerrian eta, besteak beste, administrari-laguntzaileak, goi-mailako teknikariak, peoiak, ofizialak eta bestelako profilak beharko dira. Izan ere, zereginetan udal-arlo desberdinetan arituko dira.

Enplegu-planean izen-emateak bi fasetan banatuko dira. Urriaren 5etik 12ra lehenengo faseko 29 kontratazioetan izena emateko aukera dago eta urriaren 27tik azaroaren 3ra bigarren faseko 42 kontratazioetan.

Ekintzaren helburua aldi baterako lan-esperientziaren bidez lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna gehitzea da. Azken finean, prestakuntza eta/edo gaitasun pertsonalak nahiz motibazioa indartu nahi dira. Horregatik, hautagaiak, langabezian egoteaz gain, honako talderen batean aurkituko dira: 35 urtetik beherako, 45 urtetik gorako eta 55 urtetik gorako langabetuak, luzaroan langabezian dirauten langabetuak, COVID-19aren ondorioz alarma-egoera aitortu ondoren enplegua galdu duten pertsonak, gizarteak baztertzeko arriskua duten pertsonak eta DSBEaren titularrak ala onuradunak.

Hautespen-prozesuari dagokionez, Sestaoko Udalak Lanbideri estali behar diren lanpostuen ezaugarriak bidaliko dizkio eta Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatzaileen artean bilaketa egingo du, Udalari baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaltzeko. Aurreko urteetan bezala, azken hautespenerako hautagaiak Behargintzako teknikarien talde bereziak ebaluatuko ditu.