Prentsa Aretoa
2019/10/02
224 neurri biltzen dituen Gobernu Plana aurkeztu du Sestaoko Gobernu Taldeak
Plan horri esker Udaleko arlo bakoitzaren helburuak ezartzen dira, eta aldi berean udal kudeaketa gardenago bihurtzen da
Gobernu Taldeak udalerria hobetzeko 224 neurri biltzen dituen Gobernu Plana aurkeztu du. Alkateak, Josu Bergarak nabarmendu duenez, “plan hau ibilbide-orria izango da, eta horri jarraituko diogu datozen urteetan gure kudeaketa politikoa modu ordenatu eta koherentean planifikatzeko”. Dena dela, Bergarak azpimarratu duenez, ez da dokumentu itxia izango, eta legegintzaldi osoan eguneratuko da apurka, behar izanez gero.
Gobernu Plana hiru ardatz handiren inguruan (Lehentasunak, Proiektu Estrategikoak eta Pertsona) garatzen da; era berean, ardatz horiek hamahiru ildo estrategikotan banatzen dira, eta ildo horietako bakoitzak hainbat ekintza zehatz biltzen du. Aurkeztutako 224 neurrien artean hiri-bilbea hobetzeko proiektuak daude, aparkaleku-eremu berriak sortzeko proiektuak, kirol-instalazioak modernizatzeko ekintzak eta udalerriaren beheko aldea birgaitzeko prozesuaren jarraipenerako ekimenak. Gobernu Planean aisialdiari eta kulturari nahiz gizarte-zerbitzuei buruzko proposamenak ere biltzen dira, eta areago, baita Udalaren beraren barneko funtzionamendua hobetzen saiatzeko proposamenak ere.
Bergarak gogora ekarri duenez, “oinarri sendoa daukagu jada, herritarren eta elkartegintza-sarearen ekarpenekin eraikita hauteskundeetara eraman genuen programa, alegia, herritarrek iragan maiatzaren 26an berretsi zuten hori”. Ekainaz geroztik “eguneratu egin dugu; horretarako, bilerak egin ditugu udal langileekin eta beste administrazio publiko batzuekin nahiz Gobernu Taldeko kideen artean”. Alkateak onartu duenez, benetako erronka izango da 224 ekintza horiek lau urtean betetzea, “baina gure erantzukizuna izango da espedienteekin ahal dugun beste aurrera egitea”.
Gobernu Taldeko bozeramaileak, Gorka Álvarezek, zera azaldu du: tresna hori onartzeak abantaila ugari ekarriko ditu kudeaketa politikorako, eta abantaila horien artean batzuk nabarmendu ahal dira. Zinegotziak esan duenez, “Gobernu Planaren bitartez, legegintzaldiaren hasieratik udal arlo bakoitzean helburuak ezartzen dira, eta horien artean lehentasunak jartzen; udal aurrekontuak urtero egiteko lana errazten da, gobernuaren lana errazten da, gobernuaren lan hori noraino bete den neur dezakete bai herritarrek bai oposizioak eta, beraz, kudeaketa publikoaren arloan gardentasunaren eta partaidetzaren bereizgarri bilakatzen da”.
Gobernu Taldeak dokumentua Udalaren webgunean argitaratuko du, herritarrek Gobernu Plana kontsultatu eta jarraipena egin ahal izan dezaten, noraino bete den jakiteko.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14