Prentsa Aretoa
2019/10/01
Udalak 4,7 milioi inbertitu ditu 2017az geroztik udal etxebizitzak erosteko eta birgaitzeko
Udalak 150 pisu dauzka bere jabetzan, eta gaur egun pisu horien % 92 okupatuta dago
Sestaoko Udalak apustu handia egin izan du azken urteotan, etxebizitzen udal parkea hobetzeko. 2007. urteaz geroztik, Udalak 3 milioi euro inbertitu ditu 33 pisu erosteko, eta gainera 1,7 milioi euro erabili ditu etxebizitzarik zaharrenak birgaitzeko, etxebizitza horien energia-efizientzia hobetze aldera.
Legegintzaldi honi begira, Udalak honako hiru erronka hauei egingo die aurre batik bat: La Puntako udal etxebizitza berriak kudeatzea, udal etxebizitzei berokuntza eta ur beroa ekarriko dien biomasa-galdara –district heating- funtzionamenduan jartzea eta pisu horietara sartzeko modua arautuko duen erregelamendu bat onartzea.
2018ko maiatzaren 21ean Sestaoko Udalak, 26 urte igaro ostean, udal etxebizitza batzuen zozketa egin zuen berriro ere, Arkudun Etxean erositako 18 higiezin, Txabarri kaleko 33. eta 35. zenbakietako hamar eta Abenduaren 25a kaleko bost esleitzeko. Higiezin horiek erosi ondoren, Udalak % 22 handitu du udal parkea, eta hala eskuratu ditu 150 etxebizitza, orain arte lortutako kopururik handiena.
Etxebizitza horien artean zaharrenei duela gutxi estalkiak eta fatxadak birgaitu zaizkie, eraikinen isolamendua hobetzeko eta energia-kontsumoak murrizteko. Obra horiek leku hauetan egin dira: Patronatuan, 832.341 euroko inbertsioarekin; La Bariegako 2. zenbakian, 137.915 euroko inbertsioarekin; Los Baños kaleko 22. eta 24. zenbakietan, 635.819 euroko inbertsioarekin; eta, azkenik, Autonomia kaleko 21.ean, 141.584 euroko inbertsioarekin.
Batez besteko alokairuaren zenbatekoa hilean 104 euro da
Udal etxebizitzetako maizterrek hilean batez beste 104 euroko errenta ordaintzen dute. Beraz, programa hau tresna berezia da bizilagunek etxebizitza eskuratu ahal izateko merkatu librean baino prezio txikiagoetan.
Dauden 150 pisuetatik, gaur egun 138tan bizi da norbait, hau da, % 92n. Pisu horietatik hiru gutxi barru esleituko dira; gainerako bederatzietan, aldiz, alokatuta egon ondoren, hainbat gauza atondu behar da beste familia bati alokatu ahal izateko.
301 pertsona erroldatuta
Udal etxebizitzetan 146 bizikidetza-unitate bizi dira. Guztira 301 pertsona daude erroldatuta; horietatik 66 adingabeak dira, 187k 18 eta 65 urte bitarteko adina dute, eta 48 pertsona 65 urtetik gorakoak dira.
Kontratuen motei dagokienez, 54 bizitza guztirako dira, 49k urtebeteko iraupena dute, luzatzeko aukerarekin; 33 bost urterako dira, eta 2 egoera prekarioan daude.
Berankortasuna gaur egun % 4,5ekoa da; dena dela, Sestao Berrik ordainketarako akordioak sinatu ditu ordainagiriren bat zor duten familiekin, zorra euren ahalmen ekonomikoaren arabera likidatu ahal izan dezaten. Udal etxebizitzetako maizterren erdiak diru-sarrerak bermatzeko errenda jasotzen du, % 30ek bere lan-jardueratik sortutako diru-sarrerak dauzka eta gainerako % 20 pentsiodunak dira.
Aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera, Sestao Berriko langileek gizarte-arloko 506 esku-hartze egin dituzte maizterrekin. Esku-hartze horietan laguntza eta aholkularitza eman da, gainera bisitak egin dira etxebizitzetan, baita familia-arloko jarraipena, bizilagunen arteko gatazketako bitartekaritza eta abar. 2018an gizarte-arloko 691 esku-hartze egin ziren.
Aurten, orain arte 26 gorabehera tekniko artatu dira; horretarako, eraberritze-enpresak, etxebizitzen eta erkidegoen aseguruak eta erkidegoen funtsak erabili dira.
Etorkizuneko erronkak
Udal etxebizitzei lotutako hainbat erronka dago; erronka horiei erantzun beharko diete Udalak eta Sestao Berrik legegintzaldi honetan.
Urte honen amaieran Eusko Jaurlaritzak Udalari La Puntan 58 etxebizitza lagatzea izango da lehenengo erronka. Zenbait familiari ordezko bizitokia emateko konpromisoa dago, Sestaoko behealdean azken urteetan infraetxebizitzak eraisteko egin diren espedienteen ondorioz. Hala eta guztiz ere, pisu ugari geratuko dira herritarren esku uzteko. Horren haritik, gobernu-taldeak hartu beharko dituen erabakien artean lehenengoetariko bat izango da etxebizitza berri horiek esleitzea.
Urte honen amaieratik 2020aren hasierara arte auzoko berokuntza berria –district heating– funtzionatzen hasiko da; Vicente Díez parkean kokatutako biomasa-galdara batek berokuntza eta etxeko ur beroa emango dizkie plaza horren ingurunean dauden 250 etxebizitzari. 250 pisu horien artean asko udal etxebizitzak dira, eta efizienteagoa den eta ingurumena gehiago errespetatzen duen teknologia berri hori erabiltzen hasiko dira.
2019-2023 legegintzaldi honetarako beste erronka garrantzitsu bat izango da udal etxebizitzetarako irispidea arautuko duen udal erregelamendu bat prestatzea eta onartzea; erregelamendu horrek azaldu beharko du zein baldintza bete behar dituzten familiek bizitoki horiek eskuratzeko.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14