SESTAO

Prentsa Aretoa

2017/06/27

Sestaok bat egin du Bilbo eta Zierbena itsaertzetik lotuko dituen bidegorri bat egitearekin

Sestaoko Udalbatza Osoak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatuko dio bidegorri hori egitea aztertu eta bultzatzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak onartu egin du EH Bildu eta EAJ udal taldeek aurkeztutako mozioa, Ezkerraldeko udalerriak itsasadarraren albotik lotuko dituen bidegorria eraikitzeari buruzkoa. Ekaineko Udalbatza Osoak bat egin du bidegorri hori egitea aztertu eta bultzatzearen alde. Zierbenetik abiatuta Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldon zehar pasatuko litzateke, eta gero Bizkaiko hiriburuarekin lotuko litzateke. Proposamenaren alde bozkatu dute EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Sestao Bai Ahal Da udal taldeek, eta PP abstenitu egin da.

Ekintza honen bidez, proposamen egileek bultzada bat eman nahi die eskualdean zeharreko bidegorri sareari. Herritarrek gero eta gehiago erabiltzen baitituzte, eta hori nabaria da Barakaldo eta La Arena hondartza lotzen dituen bidegorrian, Sestaon Las Camporras parketik zehar pasatuz.

Mozioaren zioen azalpenetan, proposamena aurkeztu duten alderdiek adierazi dutenez, bidezkoa da ibilbide berriak planteatzea, horrela orain dagoen “Barakaldo-La Arena” bidegorria osatzeaz gain, beste erabilera bat ere posible egingo bailitzateke, familia erabilera bultzatuz, aisialdi osasuntsurako bitarteko gehiago eskainiz, pertsona guztientzako irisgarri eta familia giroan erabilgarri izango litzatekeena.

Horrela, azpiegitura berri bat eraikitze aldera, Sestaoko Udalak lankidetza eskaintzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari eta Ezkerraldeko gainerako udalerriei eta Bilbori, azpiegitura berri honen tajuketaren azterlana bultzatzeko.

Kontuan izanik badela Bizikletetarako Plan Zuzentzailea, Bizkaiko Lurralde Historikoan bidegorri berrien ibilbide-orri gisa, Udalak Diputazioari eskatzen dio bidegorriak eragiten dien udalen partaidetzarekin txosten bat egin dezala, bidegorri berria dokumentu horretan txertatu daitekeen aztertzeko.

Era berean, horren ondoriozko kostuak aztertzeko eskatzen dio, bai lurrak erosteari eta kudeatzeari dagokionez, bai burutzeari edo ondoren haren mantentze- eta artzatze-lanak egiteari buruzkoak. Horrela, ibilbide hori igaroko litzatekeen udalerriek datu gehiago izango lukete beren esku, proiektu horretan inplikatzea erabakitzeko.