SESTAO

Prentsa Aretoa

2015/12/29

Udalak 35,6 milioiko aurrekontua kudeatuko du 2016an

2015eko azken bilkuran onartutako aurrekontuak kalitatezko zerbitzu publikoak ematea bermatzen du eta udalak gizarte politikarekin, enpleguarekin eta Sestao hobetzeko inbertsioekin duen konpromisoa sendoagotzen du

rss Ezagutzera eman
Udalak 35,6 milioiko aurrekontua kudeatuko du 2016an

ARGAZKIA JAITSI

Udalak 35,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2016an, aurreko ekitaldian baino 1,9 milioi euro gehiago. 2015eko azken bilkuran onartutako aurrekontuak kalitatezko zerbitzu publikoak ematea bermatzen du eta udalak gizarte politikarekin, enpleguarekin eta Sestao hobetzeko inbertsioekin duen konpromisoa sendoagotzen du.

Aurrekontu honek duen 1,9 milioi euroko hazkundeak bi arrazoi ditu. Nagusiena Bizkaiko Foru Aldundiak La Paz Auzuneko igogailuak eraikitzeko Udalari eman dion milioi bat euroko diru-laguntza sarrera gisa jasotzea da. Era berean, 2016an hirigintzaren kudeaketak, enpresen erregulazioak eta enpresa proiektu berriak ezartzeak eragindako ez ohiko sarrerak jasotzea espero da.

Gizarte Ekintza, Adin Nagusiak eta Berdintasuna Atalek funtsen % 7 gehiago izango dute aurrekontu honetan, 5.952.838 euroko kopurua jasoko dutelarik. Enplegu arloan, Behargintzaren baliabideek % 5,8ko igoera izango dute, 2015eko 577.000 eurotik 2016an kudeatuko dituen 610.865 eurora pasatuz.

Herritarren segurtasunarekin lotutako partidak bere horretan mantentzen dira 4 milioi eurorekin. Hirigintza arloan, aipatu behar da Udalak Sestao Berri elkarte publikoarekin duen konpromiso irmoari eusten diola Txabarri-El Sol eremuko proiektu estrategikoak finantzatuz.

Inbertsioen kapituluak 2.460.000 euro izango ditu, horietatik % 85 bideak eta espazio publikoak berritzera bideratuko dira. Kapitulu honen inguruko berririk garrantzitsuena Francisco Llaseras Auzunea berriro urbanizatzea da, La Paz Auzuneko igogailuak eraikitzearekin batera.

Aurrekontuak gainera 90.000 euroko diru-partida jasotzen du ikastetxe publikoen mantenu obrak egiteko, 148.000 euro eskolako bekak, eta elkarteei, kirol taldeei eta auzokoen komunitateei zuzendutako diru-laguntzak emateko.  Amaitzeko, pertsonal arloan, Udaleko plantilak soldataren %1eko igoera izango du eta oraindik ordaintzeko geratzen den 2012ko aparteko ordainsariaren % 50 itzultzea jasotzen du.