SESTAO

Prentsa Aretoa

2015/02/10

Udalak 10 etxebizitza erosiko ditu Txabarri 25-31 eraikinaren eraberritzea desblokeatzeko

Alkateak aurreratu duenez, lanak martxoan adjudikatuko dira apirilean edo maiatzan hasteko 3,5 milioi euroko inbertsioarekin

rss Ezagutzera eman
Udalak 10 etxebizitza erosiko ditu Txabarri 25-31 eraikinaren eraberritzea desblokeatzeko

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak babes ofizialeko hamar etxebizitza erosiko ditu Txabarri kaleko 25, 27, 29 eta 31 zenbakiak hartzen dituen eraikinaren eraberritze lanak desblokeatzeko; proiektu hau udalerriaren behealdeko hirigintza-eraberritze arloko proiektu estrategikoetako bat da. Udal Batza Osoak aho batez onartu du pisu hauek erosteko erabakia; horrek 946.200 euroko diru kopurua gehi BEZa suposatuko du, horietatik 400.000 euro Eusko Jaurlaritzak jarriko dituelarik Udalari eman dion itzuli behar ez den diru-laguntza baten bitartez eta operazioak suposatzen duen gainerako finantziazioari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak emandako kreditu bigun bat izateko aukera egongo da.

Josu Bergara alkateak prentsaurrekoan aurreratu duenez, gaur bertan igorriko zaio dokumentazio guztia Kutxabank banketxeari Sestao Berriri eman diezaion behar duen finantziazioa eta era horretan martxoan administrazio kontseiluaren bilera egin ahal izango da obrak adjudikatu eta gehienez ere apirilean edo maiatzean hasteko.

Eraikin hau osorik eraberritzeak 3,5 milioi euroko kostua izango du, horietatik Eusko Jaurlaritzak 1,7 milioi euro jarriko ditu, Sestaoko Udalak 700.000 euro eta azkenik eraberritze-hitzarmenak sinatu zituzten aurreko jabeek eta etxebizitza berrien erosleek jarritako dirua. Proiektu honen emaitza 47 etxebizitza izango dira, horietatik 33 babes ofizialekoak eta gainerako 14ak libreak.

Gaurko egunera arte 47 etxebizitza horietatik 27 saldu dira. %70 saltzea lortu ez denez, banketxeek uko egin diote Sestao Berri elkarteari obrak egiten hasteko kreditua emateari.

Gogoratu behar da Sestao Berrik 2012an zozketatu zituela babes ofizialeko 33 etxebizitzak Etxebiden izena emanda zutenen artean, eta asko izan zirela hauek hartzeari uko egin ziotenak itxaro zerrenda agortu arte. Hori ikusita Elkarteak erabaki zuen babes ofiziala eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen zituen Sestaoko edozein herritarri zabaltzea eskaintza. Hala eta guztiz ere, ezin izan da behar zen salmenta kopurua lortzea, eta beraz, Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzak saldu gabe geratu diren etxebizitzak erosteko erabakia hartu dute behingoz eraberritzeari bultzada emateko.

Txabarri 25-31 eraikinaren eraberritzea Txabarri-El Sol Birgaitze Area Integralaren gizarte- eta hirigintza-eraberritze planaren lehen fasea da. Jarduera hau, gainera, Europar Batasunak diruz laguntzen duen EU Gugle izeneko eraberritze jasangarri eta energia eraginkortasun proiektuaren barruan dago, eta honek datozen urteotan auzoko 25 erakinen hirigintza-eraberritzea egiteko milioi bat euro jarriko ditu.

Josu Bergarak oso positibotzat jo du gaur goizean emandako urratsa, Txabarri auzorako ezinbestekoa den proiektu hau bultzatzeko hainbat gestio egin eta hainbat buruhauste izan ondoren, azkenean hemendik gutxia hasiko baitira obrak. Alkateak era berean azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak eta Udalak izandako konpromisoa, hauen laguntzarik izan ezean ez litzatekeelako posible izango jarduera hau desblokeatzeak beharrezko etxebizitzak saldu arte. Alkateak gaineratu du obra honek auzoaren irudia aldatzen lagundu eta eraberritze lanek iraungo duten urte eta erdian enpleguari bultzada ematen lagunduko duela.

Udal etxebizitzen salmenta

Sestaoko Alkateak prentsaurrekoan jakinarazi du biziarteko kontratua duten udal-etxebizitzak salgai jarriko dituela Udalak, hauek ez baitute inolako txandaketarik. Josu Bergarak adierazi du udal-etxebizitzak denbora batez etxebizitza behar duten familientzat konponbidea izan behar dutela, familia hauek euren egoera ekonomikoa bideratu eta jabetzan edo alokairuan etxebizitza bat aurkitzen duten denboran.

Gaur egun Udalak dituen 120 etxebizitzetatik 62 udal-etxebizitza biziarteko kontratuarekin daude, eta han bizi direnek hil arte han egoteko eskubidea dute. Honek esan nahi du etxebizitza hauek pertsona berberak okupatzen dituztela beti, ez dagoela txandaketarik eta ezin ditugula jarri etxebizitza bat behar duten pertsonen eskura. Arrazoi hau dela bide, alkateak jakinarazi du biziarteko kontratua duten familia hauei etxebizitza hauek jabetzan hartzeko aukera emango zaiela eta hortik jasotako diruarekin Udalak etxebizitza berriak erosiko dituela Txabarri auzoan eraberrituko diren eraikinetan, eta hauek aldi baterako alokairuan eskainiko direla.