SESTAO

Prentsa Aretoa

2014/09/25

Delinkuentziak %19 egin du behera Sestaon 2014ko lehen seihilekoan

Udako datuak ere positiboak dira. Uztailean eta abuztuan zehar Sestaon %29 delitu gutxiago eman dira iazko datuekin konparatuz

rss Ezagutzera eman
Delinkuentziak %19 egin du behera Sestaon 2014ko lehen seihilekoan

ARGAZKIA JAITSI

Sestaon Ertzaintzak eta Udaltzaingoak jasotako delitu eta arau-hausteek %19 egin dute behera 2014 lehen seihilekoan, datuak iazko seihileko berean emandakoekin alderatzen baditugu eta horren berri izan dute Hiritarren Segurtasun Batzordeko ordezkariek Udalarekin urteko lehen sei hilabeteko balantzean egiteko bildu direnean.

Josu Bergara, Sestaoko alkateak, “nahiko baikortzat" jo ditu aurkeztu diren datuak, kriminalitatearen beherakada hau "bi segurtasun indar hauek Sestao herri seguruagoa izateko egiten ari diren lan koordinatuaren emaitza" dela azpimarratu du, baina era berean zuhurtzia erakutsi nahi izan du gogoraraziz "oraindik ere erronka handiak ditugu aurretik, batez ere gizabide-gabetasuna eta toki publikoetan ematen diren portaera desegokiak kontrolatzeari dagokionean”.

Urtarrila eta ekaina bitartean Sestaon 804 delitu eta arau-hauste eman ziren 2013an 992 eman ziren bitartean. Beherakada hau ondasunen kontrako delituetan eta arlo sozioekonomikoan eman da, %21eko beherakadarekin, lesio delituetan, %11ko beherakada egon da eta ondarearen kontrako arau-hausteak, %25 jaitsi dira.

Honen aurrean, estatistikek adierazten dute segurtasun kolektiboaren aurka egindako salaketek %7 egin dutela gora (substantzia estupefazienteekin eta alkoholaren eraginpean gidatzearekin zerikusia dutenek) eta %8  egin dutela gora pertsonen aurkako arau-hausteek.

Udako datuak
Urteko lehen seihilekoa ona izan bada, udako aurreratutako datuek ere datu positiboak direla erakusten dute. Uztailean eta abuztuan zehar Sestaon 208 delitu eta arau-hauste eman dira, hau da, %29 gutxiago iazko datuekin konparatzen baditugu. Zentzu honetan ondarearen kontrako delituetan eta arlo sozioekonomikoan emandako %44ko beherakada azpimarratu behar da eta ondarearen kontrako arau-hausteetan eman den %42koa.