SESTAO

Prentsa Aretoa

2011/11/23

Txabarri kalearen berrikuntza amaitu da 15 milioi euro inbertitu ondoren

“Txabarri errepidearen urbanizazioa azkeneko urteetan herrian egindako obrarik garrantzitsuena da”. Hala adierazi zuen Josu Bergara Sestaoko alkateak proiektua amaitu zenean. Horretan Bizkaiko Foru Aldundiak 15 milioi euro inbertitu ditu. Zenbateko garrantzitsu horri esker, udalerriko beheko aldean itsasadarraren errepide zaharra eraldatu da eta hiri-boulevard zabal bihurtu da. 1,7 kilometroko luzera du eta biztanleentzat nahiz oinezkoentzat atseginagoa eta irisgarriagoa da.

rss Ezagutzera eman
Txabarri kalearen berrikuntza amaitu da 15 milioi euro inbertitu ondoren

ARGAZKIA JAITSI

Jarduera nagusia honakoa izan da: espaloiak moldatu eta zabaltzea, Txabarri eta Gran Vía kaleak gurutzatzen direnetik Portugaleteko udalerriarekin egindako mugaraino oztoporik gabe bi metroko gutxieneko zabalera librea lortu arte.  Zabalera hori oraindik handiagoa da labe garaiak ikustea ahalbidetzen duen balkoian edo hegalean egindako pasabide berrian. Azkenekoa sorospen-gela zaharreraino egin da.
Obrak beste balio erantsi bat izan du, hain zuzen ere, zorupeko sareak ordezkatzea. Uraren, argiaren eta telefonoaren kanalizazioak berritu dira eta etorkizunean hiri-hondakin solidoak biltzeko hodiak sartu dira.
Hasierako proiektua nabarmenki hobetu da, hainbat gehigarri sartu direlako eta horiei esker obrak Txabarri kalearen inguruko zonetara zabaldu dira. Ildo horri jarraiki, Carranza kalea berritu da, baita El Sol kalerako sarbidea eta La Iberia nahiz Zumalakarregi kaleen beheko aldea ere, Sotera de la Mier eta Txabarriren artean parkearen bitartez irisgarritasuna hobetu da eta Aizpuru, Txabarri eta Sotera de la Mier kaleen bidegurutzean trafikoa erregulatzeko bi biribilgune eraiki dira. Gauza bera egin da La Benedictara sartzeko bidearekin elkartzen den gunean.  Garrantzitsua da ere bai Los Tres Concejos plazak izandako eraldaketa. Horretan zabu berriak jarri dira, zoladura berritu da eta lorontzi zintzilikatuen ordez modernoagoak jarri dira.
Obrek hogei hilabete iraun dute eta trafikoa moztu gabe egin dira. Beraz, zailtasuna handiagoa izan da.
Joan den azaroaren 30ean, lanen amaierarekin bat, Sestaora José Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia hurbildu zen, Itziar Garamendi Herrilanetako diputatuarekin batera, foru-inbertsioaren emaitza egiaztatzeko.  Bilbaok gogorarazitakoaren arabera, Txabarri errepidearen urbanizazioa “eskaera historikoa" zen eta Aldundiak egia bihurtu du. Gauza bera gertatuko da aste gutxi batzuetan Sestao Bai industria-poligonoarekin.
Bestalde, Josu Bergarak eraldaketa honekin Txabarri kalea “Sestaoko modernoen” bihurtu dela azpimarratu du. Horrez gain, berrikuntza-prozesu guztia biztanleen lankidetza estuarekin egin dela nabarmendu zuen. Ildo horri eutsiz, beren eskaerei arreta eskaini zaie, lanek aurrera egiten zuten heinean.
Azkeneko orduan Udalak hainbat proposamen jaso ditu eta hurrengo hilabeteetan erantzungo zaie. Adibidez, Txabarri kaleko 24. atariaren aurrealdean aparkalekuak erabiltzen dituzten ibilgailuek berdeguneak zapaltzen dituzte.