SESTAO

Prentsa Aretoa

2026/03/25

Gorka Álvarez, Sestaoko Alkatetzarako EAJ-PNVk 2027ko udal hauteskundeetarako aukeratu duen hautagaia

Alderdikide jeltzaleek babes zabala eman diote egungo alkatearen izendapenari, asteartean herriko Batzokian egin zen batzarrean

rss Ezagutzera eman
Gorka Álvarez, Sestaoko Alkatetzarako EAJ-PNVk 2027ko udal hauteskundeetarako aukeratu duen hautagaia

ARGAZKIA JAITSI

Gorka Álvarez Martínez izango da 2027ko udal hauteskundeetarako EAJ-PNVk  Sestaon aurkeztuko duen alkategaia. Egungo alkateak alderdikide jeltzalelen babes zabala jaso zuen atzo arratsaldean herriko Batzokian egin zen batzarrean.

Álvarezek 37 urte ditu eta ibilbide politikoa Sestaoko Udalean hasi zuen 2015ean, zinegotzi gisa Kultura, Kirolak , Euskara eta Kontratazio gaiak bere gain hartuz, hainbat legegintzalditan udal taldearen bozeramaile lanetan aritzeaz gain. 2027 eta 2025 urte bitartean zinegotzi lanak Eusko Legebiltzarreko lanekin uztartu zituen. Iaz legebiltzarkide kargua utzi zuen Sestaoko Alkatetzaren ardurak hartzeko.

Izendapena jaso ostean, Gorka Alvarezek adierazi du etapa berri honi "esker onez, ilusio handiz eta erantzukizun handiz" ekingo diola. "Ohore handia da  niretzat alderdikideen konfiantza izatea Sestaoko Alkatetzan jarrai dezadan. Erronka hau nire gain hartzen dut zerbitzu publikorako bokazioarekin eta gure herriaren etorkizunaren alde zorroztasunez, hurbiltasunez eta zintzotasunez lan egiten jarraitzeko konpromisoarekin", adierazi du.

Sestaoko EAJ-PNVtik azpimarratu nahi izan dute Gorka Alvarezek Sestaorekin erakutsi duen konpromiso irmoa, bere hautagaitzak "udalerria eraldatzen jarraitzeko proiektu serio, hurbil eta fidagarri baten bermea" dakarrela azpimarratuz.

Alkatetzara iritsi zenetik urtebete betetzear denean, Gorka Álvarezek proiektu estrategikoak bultzatu ditu Sestaoren etorkizunerako, hala nola La Navaleko lursail zaharrak berrindustrializatzen jarraitzeko urratsak, Ikastunen Eskola zaharra birgaitzea edo udalerriko hainbat tokitan alokairuko etxebizitza babestu berria sustatzea. Ekimen horiek gauzatzen ari dira Sestaon eramaten ari den eraldaketa-prozesuaren barruan.

Álvarezek aldarrikatu du datozen urteetan egin beharreko lana izango dela orain arte eginiko bide hori finkatzea, pertsonen ongizatearen alde duen konpromisotik abiatuta: “Bizitzeko, lan egiteko eta bizi proiektua garatzeko aukera gehiago emango dituen Sestao herria nahi dugu; aurrera egingo duen herria, etorkizunari konfiantzaz begiratuko diona eta, batez ere, inor atzean utzi gabe”.