Prentsa Aretoa
2026/03/16
Udal Gobernuak 55,7 milioi euroko aurrekontua proposatu du 2026rako
Udal aurrekontuak %14 hazi da 2023an onartutako azken aurrekontuarekin alderatuta, eta kopuru errekorra ezarri dute
Sestaoko Udaleko Gobernu Taldeak (EAJ-PNV eta PSE-EE) 2026. urterako aurrekontu-proiektua aurkeztu du. Guztira 55,7 milioi eurokoa da, eta udalerriaren historiako kopururik handiena da. Kontu hauek %14ko igoera dakarte 2023an onartutako azken aurrekontuarekin alderatuta.
Udal Gobernuak prestatutako proiektua udalerriak gaur egun eta etorkizunean dituen erronkei erantzuteko pentsatuta dago. Aurrekontuen hazkundeak aukera emango du udal arlo guztiek baliabide ekonomiko gehiago izateko euren jarduerak garatzeko.
2026ko aurrekontuak pertsonak jartzen ditu udal kudeaketaren erdigunean, diru-partida garrantzitsuak bideratuz kolektibo berezien beharrei erantzutera, hala nola adinekoei, langabeei eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei.
Herriko alkateak, Gorka Álvarezek, azpimarratu du aurrekontu hau “gure udalerria eraldatzen jarraitzeko lan-tresna ere izango dela, irisgarritasuna hobetzeko eta bide publikoak hobetzeko bultzada berezia emanez”.
Bestalde, Carlos García de Andoin PSE-EEko bozeramaileak nabarmendu nahi izan du aurrekontu hauen izaera soziokulturala; izan ere, “handitu egiten dira bai jarduera propioak antolatzeko partidak, bai gure udalerriko kultura eta kirol ehunari zuzendutako dirulaguntzak. Horrek, zalantzarik gabe, Sestao urte osoan zehar aisialdiko jardueraz betetako udalerri bizia izaten lagunduko du”.
Zergatik hazten da diru-sarreren aurreikuspena?
Aurrekontuaren hazkundea batez ere azken urteotan izandako diru-sarreren igoerari zor zaio. Goranzko bilakaera hori azaltzen duten faktoreen artean daude Udalak Europako funtsen eta udalaz gaindiko erakundeen bidez lortutako laguntzak eta dirulaguntzak. Gaur egun funts horiek udalerria modernizatu eta eraldatzera bideratutako proiektuak gauzatzeko erabiltzen ari dira.
Era berean, Udalak diru-sarrera ekonomiko garrantzitsuak aurreikusten ditu aurten aktibatzen hasiko diren hirigintza-garapen berriekin lotuta; besteak beste, Camino Txikito, La Naval eta La Benedicta proiektuekin. Ekimen horiek udalaren inbertsio-gaitasuna indartzen lagunduko dute.
Beste elementu garrantzitsu bat Bizkaiko Foru Aldundiaren Udalkutxa Funtsaren ekarpenaren igoera da; izan ere, 2023arekin alderatuta 5 milioi euro gehiago jasoko dira. Horrez gain, neurri txikiagoan bada ere, udal tasen eta zergen eguneratzeak ere eragina izango du.
Lehentasuna zerbitzu publikoei eta udaleko langileei
Gastuen atalean, aurrekontuak lehentasun nagusitzat mantentzen du zerbitzu publikoen eskaintza eta udal administrazioaren funtzionamendua. Langileen gastua 20,7 milioi eurokoa izango da, aurrekontu osoaren %37. Kontu hauek Gobernu Taldearen apustua jasotzen dute udal langileen ordainsariak hobetzeko, horrela Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen funtzionamendua indartuz eta soldatak inguruko beste udalerri batzuetakoekin parekatuz.
Zerbitzu publikoen mantentze-lanetarako 23,1 milioi euro bideratuko dira, hau da, aurrekontu osoaren %41. Atal honen barruan aurreikusten da lorezaintza zerbitzua egungo kontratuan sartuta ez dauden guneetara zabaltzea, baita garbiketa zerbitzua hobetzea ere.
5,7 milioi euro udalerria hobetzeko inbertsioetarako
Aurrekontuak 5,7 milioi euro gordetzen ditu inbertsioetarako, guztizkoaren %10 inguru. Aurreikusitako jardueren artean daude Arturo Campión kalean igogailuak jartzea, Markonzaga parkea hobetzea, Vista Alegre Taldea berrurbanizatzea, ur-zorrotadun parke bat instalatzea eta, halaber, bide publikoen mantentze-lanetarako baliabideak indartzea, batez ere auzoetan jarduteko lehentasunarekin. Inbertsio horiek udal estrategiaren barruan kokatzen dira, hiri-irisgarritasuna hobetzen eta Sestao eraldatzen jarraitzeko.
Gizarte-gastu garrantzitsua
2026ko aurrekontuak gizarte-gastuan inbertsio handia aurreikusten du. Juan Ellacuría Udal Egoitzaren funtzionamendurako 4,2 milioi euro bideratuko dira. Gainera, 5 milioi euro gordeko dira gizarte-laguntzako programetarako; horien artean nabarmentzen dira etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko ia 2 milioi euro, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako ia 1,4 milioi euro eta 140.000 euro premia duten beste familia batzuei laguntzeko programarako.
Gizarte, kultura eta kirol bizitzarako laguntza handiagoa
2026ko udal aurrekontuek udal jardueretarako baliabide gehiago ere aurreikusten dituzte: jaiak, kirol programak, Berdintasun arloko ekimenak edo euskara sustatzeko ekintzak, besteak beste. Gobernu taldearen arabera, ekimen hauek ere garrantzitsuak dira, udalerriko gizarte eta kultura bizitza dinamizatzen laguntzen dutelako.
Horrez gain, aurrekontuak baliabide gehiago jasotzen ditu elkarte eta kirol klubentzako dirulaguntza programarako, baita tokiko erakundeekin lankidetza hitzarmenetarako ere.
Amaitzeko, Gorka Álvarezek eta Carlos García de Andoinek gogorarazi dute garrantzitsua dela hiru urte igaro ondoren berriro aurrekontu eguneratu batekin lan egitea. Aurrekontua apirilaren 15ean onartzea aurreikusten da: “Aurrekontu honekin egonkortasuna eta lasaitasuna ematen dizkiogu Udalari, eta aldi berean gure Gobernu Plana betetzen aurrera jarraituko dugu”.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/05/25
BERRIA
2026/05/13
BERRIA
2026/04/28
BERRIA
2026/04/24
Berri ikusiagoak...
BERRIA
2025/10/09
BERRIA
2025/11/07

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























