SESTAO

Prentsa Aretoa

2025/02/21

Sestaok Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko du kirola, antzerkia, hitzaldi bat eta dokumental baten proiekzioa biltzen dituen programa batekin

Aurtengo elkarretaratzea martxoaren 10ean egingo da, eguerdiko 12etan, San Pedro plazan

rss Ezagutzera eman
Sestaok Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko du kirola, antzerkia, hitzaldi bat eta dokumental baten proiekzioa biltzen dituen programa batekin

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak martxoaren 2tik 27ra "8M, Emakumeen Nazioarteko Eguna" dela-eta egingo diren jardueren programa aurkeztu du.

Egitarau horretan parte hartuko duten udalerriko hainbat elkartek Berdintasun Arloari laguntza eskaini diote agenda bat osatzeko, 13 doako ekitaldi biltzen dituena, besteak beste, kirola, hainbat ikuslerentzako antzezlanak, hitzaldi bat eta dokumental baten proiekzioa.

Horri esker, aurten adin tarte guztietarako jarduerak egongo dira, adin txikiko umeengandik hasi eta adinekoenganaino. Horrela, hala nahi duten auzokide guztiek, emakume zein gizonek, parte hartu ahal izango dute aurtengo martxoaren 8ko ospakizunean.

Martxoaren 2an, igandea, Las Camporras parkean, 10:30etik aurrera, egitarauari hasiera emango dio emakumeentzako disc-golf hastapen ikastaro batek. Interesa duten emakumeek Udaleko Berdintasun arloan eman dezakete izena.

Martxoaren 3an, astelehena, Gaztegunean izango da hitzordua. Bertan, 17:30etik 20:30era, serigrafia tailer bat egingo da, parte-hartzaileek M8rako kamiseta propioa diseinatzeko aukera izan dezaten. Jarduera honek haurtzaindegi zerbitzua du, otsailaren 27ra arte eskatzen duten emakumeentzat.

Martxoaren 4an, asteartea, Pikara Magazine aldizkariko ordezkariek kazetaritza feministari buruzko hitzaldia emango dute Udal Liburutegian, 18:30etik aurrera.

Martxoaren 5ean, asteazkenean, 10:30ean, "Wikiemakumeok" dokumentala ikusteko aukera izango dugu Liburutegian. Erreportaje honek Wikipedian beste emakume batzuen biografiak idazten eta zabaltzen dituen emakume-talde bat garatzen ari den proiektu bat aurkeztuko digu, helburu duena atari horretan emakumeen presentzia areagotzea eta, horrela, genero-arrakala murriztea.

Egun horretan bertan, baina 18:30ean, liburutegian Udalak puntu kritikoen udal diagnostikoa aurkeztuko die iaz hura egiten parte hartu zuten emakume eta elkarteei.

Martxoaren 6ko goizean, osteguna, Lehen Hezkuntzako ikasleek "Dei iezadazu sorgina" antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute Musika Eskolan. Umorea, fantasia eta misterioa uztartzen dituen berdintasunari buruzko istorio horretakoprotagonistak, Weirdok, herrian sorgin bat dagoelako uste osoa du. Hainbat abentura bizi ondoren, ordura arte sorginei buruz esan zioten guztia gezurra dela konturatuko da.

Ostegun horretan bertan, baina arratsaldean, Musika Eskolara hurbiltzen diren pertsona guztiek "Promesas cumplidas" (15 minutu besterik ez) eta "Puto amor" (50 minutuko bakarrizketa) antzezlan umoretsuez gozatu ahal izango dute.

Programazioarekin aurrera jarraituz, martxoaren 8an, larunbata, Horizontes Aikido Kenkido arte martzialen klubak defentsa pertsonalari eta autobabesari buruzko jardunaldia zuzenduko du Benediktako Kiroldegian 10:45etatik aurrera. Kasu honetan ere Udaleko Berdintasun arloan egin daitekeen aldez aurreko izen-ematea behar da.

Martxoaren 9an, igandea, Rebonza Txirrindulari Elkarteak aurtengo "Emakumeen bizikleta txangoa " antolatuko du. Ibilbide horretan, Sestaoko emakumeak gonbidatuko ditu bidegorritik Arena hondartzaraino pedalei eragitera eta etxera itzultzera. Animatu nahi duten emakume guztiek elkarte honen webgunean eman beharko dute izena.

Aurten, martxoaren 8an larunbata izango denez, elkarretaratze instituzionala astelehenean, hilaren 10ean, egingo da. Hitzordua eguerdiko 12etan izango da San Pedro Plazan eta bertan ikastetxeek eta adineko pertsonek parte hartuko dute.

Arratsaldean, 18:30ean, "Voces de mujeres" flamenko-kontzertua izango da Musika Eskolan.

Martxoaren 11n, asteartea, 17:30ean, "Emakumeen autoerretratuak" erakusketa inauguratuko da Conde Balmaseda plazako adinekoen zentroan. Erakusketa hilabete osoan zehar ikusi ahal izango da.

Azkenik, martxoaren 8ko programazioa amaitutzat emateko, ostegunean, martxoaren 27an, Udalak iaz egindako zainketen udal diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko ditu. Hitzordua 18:00etan izango da Liburutegian.

Programa osoa.