Prentsa Aretoa
2023/09/26
Sestaoko Udalak laugarren urtez jarraian etxebizitzen eta denda txikien OHZ izoztuko du
Tasa, zerga eta prezio publiko gehienek, oro har, % 2,7ko eguneratzea izango dute 2024an, joan den abuztuko urte arteko KPIari dagokiona
Sestaoko Udalak 2024an eguneratu egingo ditu hiru urtez jarraian izoztuta egon diren tasak, zergak eta prezio publikoak. Hortaz, Gobernu Taldeak (EAJ-PNV/PSE-EE) gaurko osoko bilkuran % 2,7ko eguneratzea onartu du ordenantza fiskal gehienentzat. Erabaki horretatik kanpo geratuko da etxebizitzen eta saltoki txikien OHZ eta, ondorioz, bere horretan mantenduko da laugarren urtez jarraian.
2021., 2022. eta 2023. urteetan, Sestaoko Udalak izoztuta mantendu zituen bere ordenantza fiskalak, herritarren karga fiskala arintzeko eta COVID-19aren pandemiak eta, ondoren, Ukrainako Gerraren inpaktu ekonomikoak kaltetutako udalerriko sektoreei eta enpresa-sareari laguntzeko.
2024. urteari begira, ordenantza fiskal gehienei abuztuko urte arteko KPIari dagokion % 2,7ko eguneratzea aplikatzearen alde egin du Gobernu Taldeak. David Sanchez Maroto Ogasun eta Ondare zinegotziak azaldu duenez, "neurri honen helburua da gure zerbitzu publikoen kalitateari eustea eta Udalak eskaintzen dituen kontratuen kostu ekonomikoen hazkundeari aurre egitea; izan ere, egungo inflazio-testuinguruaren ondorioz, azken urteetan kontratu horien prezioa handitu egin da, lehengaien garestitzea, krisi energetikoa eta lan-kostuen igoera direla eta".
Neurri hori, ordea, ez da aplikatuko bizilagunengan eragin handiena duen ordainagirietako batean: etxebizitzen eta saltoki txikiek okupatutako lokalen OHZn, hain zuzen. Obrak egiteagatik ordaintzen den EIOZ ere izoztuta mantenduko da.
Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren kasuan, Udalak aldaketa txiki bat egin du ordenantzan, zerbitzuaren prezioa kalkulatzeko erreferentziatzat Lanbide arteko Gutxieneko Soldata hartuta, aurten arte erreferentzia izan den Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta hartu beharrean. Udalak formula matematikoak egokitu ditu, aldaketa horrek ez ditzan aldatu erabiltzaileak beren prestazioagatik gaur egun ordaintzen ari diren prezioak.
Azkenik, besteak beste, ondasun higiezin bat saltzeagatik ordaintzen den gainbalioaren zergaren koefizienteak foru-araudiak dituenetara egokitu dira, besterik gabe. Beraz, karga-tasak bere horretan jarraituko du eta eguneratze horrek ez du aldaketarik eragingo kostuan.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/03/30
BERRIA
2026/03/27
BERRIA
2026/03/25
BERRIA
2026/03/11
Berri ikusiagoak...
BERRIA
2025/10/09
BERRIA
2025/11/07

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























