SESTAO

Prentsa Aretoa

2021/02/26

Sestaok bosgarren edukiontzirako 726 atxikipen berri izapidetu zituen joan den astean

Udalak gogorarazten du astelehenetik aurrera haragi- eta arrain-hondakinak bota ahalko direla organikorako edukiontzietan

rss Ezagutzera eman
Sestaok bosgarren edukiontzirako 726 atxikipen berri izapidetu zituen joan den astean

ARGAZKIA JAITSI

Joan den astean Sestaoko Udalak indartze-kanpaina egin zuen, materia organikoa gaika biltze aldera, bosgarren edukiontzia gehiago erabiltzeko, eta datuak positiboak izan dira.

Kanpainaren barruan informazio-puntua instalatu zen San Pedro plazan, eta herritarrek zerbitzuan alta emateko aukera izan zuten, poltsa konpostagarriak doan eskatu eta materia organikoa birziklatzearen inguruan zalantzak argitzeaz gain.

Udalerriko hirigunean karpa kokatuta egon zen sei egunetan, 726 etxebizitzari eman zitzaien alta, eta birziklatzeko sorta jaso zuten. Atxikipen berri horiei esker, materia organikoa birziklatzeko sorta 5.000 etxebizitzatan banatuta dago, beraz, % 37 da, Sestao udalerrian 13.232 etxebizitza baitaude.

Alta berriez gain, informazio puntuak 56 txartel berri banatzea kudeatu zuen, galdutako txartelak ordezkatzeko, eta, aldi berean, 1.189 etxebizitzarako poltsa konpostagarrien biribilkiak banatu zituen, hortaz, 73.000 poltsa baino gehiago banatu ziren.

Indartze-kanpainan, ingurumen-heziketarako taldeko kide batek udalerriko fruta-denda bati jarraipen-bisita egin zion organikoa birziklatzen ari den jakiteko, zerbitzuan antzeman dituen gorabeherak ezagutzeko eta materia organikoa birziklatzeko orduan parte hartzen jarrai dezan animatzeko.

Udalak aurrerago indartze-kanpaina berriak gauzatuko ditu gaikako bilketaren inguruan. Ordura arte, edozein pertsonak zerbitzuan alta eman nahi badu edo bosgarren edukiontziari buruzko edozein gorabehera argitu nahi badu, RSU Sestao ABEEren herritarren arretarako bulegora joan daiteke Doctor Ferrán kaleko 12. zenbakian.

Berrikuntzak zerbitzuan astelehenaz gero

Sestaoko Udalak gogorarazi nahi du materia organikoaren bilketak berrikuntza garrantzitsuak izango dituela astelehenetik, martxoaren 1etik, aurrera, edukiontzietan onetsitako hondakinen zerrenda gehituko baita.

Konpostegietan Bizkaiko Foru Aldundia sartzen ari den aldaketei esker, edukiontzietan honako hondakin hauek bota daitezke:

  • Animalia-hondakinak, prestatuak edo gordinak: haragia, hestekiak, arraina eta itsaskiak, hezurrak eta maskoten ileak.
  • Arrautza-hondakinak eta beren azalak.
  • Gazta.