SESTAO

Prentsa Aretoa

2021/02/18

Udala astelehenean Txabarri kaleko 57. zenbakia eraisten hasiko da

Eraispena Txabarri-El Sol eraberritzeko planen barruan kokatzen da. Etorkizunean Eusko Jaurlaritzak orubean etxebizitza publikoak eraikiko ditu

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udala hurrengo astelehenean Txabarri kaleko 57. zenbakian dagoen eraikina eraisten hasiko da, gaur, ostegunean, obraren zuinketa-akta, hau da, obrak eraginkortasunez hasten direla adierazten duen administrazio-agiria sinatu ostean.

Eraisteko bitarteko mekanikoak erabiliko dira, eskuzko baliabideez baliatzea baztertu baita, egitura oso egoera txarrean dagoelako. Ildo horri eutsiz, zeregin horretarako garabi handia ekarriko da, eta 20 metroko altuerako bi pantaila ipiniko dira, ezkutu modura, eraikuntza-hondakinak errepidera eta ondoko eraikinera ez erortzeko. Lanek gutxi gorabehera bi hilabete iraungo dituzte.

Higiezina Txabarri-El Soleko birgaitze-planen barruan kokatuta eraitsiko da. Erakundeen arteko lan koordinatuari esker, Sestao Berri sozietate publikoak eraikinaren titulartasuna lortu du. Eraispen-lanak Udalak gauzatuko ditu Zandesa enpresaren bitartez, eta orubean Eusko Jaurlaritzak etorkizunean etxebizitza publikoen eraikin berria egingo du. Izan ere, hala islatuko da Udalak, Sestao Berrik eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak hurrengo asteetan sinatuko duten lankidetza-hitzarmen berrian.

2005. urtean Sestaoko hiri-eraberritze prozesua hasi zenetik, ingurunean 40 eraikin baino gehiago eraitsi dira, infraetxeak deuseztatu eta pixka udalerriko etxeak berritzeko.

Josu Bergara alkateak positiboki balioetsi du auzoaren birgaitze-prozesuan urrats berri hau, eta gogorarazi du “pandemiarengatik krisian egon arren, Sestao eraberritzeko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa irmoa dela”.