Prentsa Aretoa
2021/01/26
Udalak aurten 43,9 milioi euroko aurrekontua izango du
COVID-19aren ondoreei aurre egitea, pertsonen ongizatea eta hiri-berrikuntza berriak dira udal-kontuen helburuak
Sestaoko Udalak 2021ean 43,9 milioi euroko aurrekontua izango du. Historiako altuena da, Gobernu Taldeak udal-kontuak asteartean egin den urtarrileko osoko bilkuran aurrera atera ostean.
Aurrekontua onestea oso berri positiboa da tokiko administrazioak behar bezala funtzionatzeko, zerbitzu publiko guztiak ematea bermatzen baitu eta Udalak egin nahiz aurten hasi nahi dituen proiektu berriak gauza baitaitezke.
Gobernu Taldeak diseinatutako plan ekonomikoak hiru helburu nagusi ditu: COVID-19aren ondoreei aurre egitea, pertsonen ongizatean oinarritutako udal-politikak bultzatzea eta auzoak hobetzeaz gain, proiektu estrategikoak sustatzea.
Diru-sarrerak
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko udalerrien artean banatzen duen Udalkutxa funtsak jarraituko du izaten aurrekontuko diru-sarrerarik garrantzitsuena, 17,4 milioi eurorekin (diru-sarrera guztien % 40). Hala ere, aurten asko jaitsiko da, 1,3 milioi euro gutxiago hartuko baitira joan den ekitaldian jasotakoarekin alderatuz gero, Bizkaiko Lurralde Historikoan zerga-bilketak gainbehera egin duelako.
Udal-tasak eta -zergak kudeatzetik datozen diru-sarrerak 14,9 milioi eurora (guztizko diru-sarreren % 33) iristea espero da. Izan ere, 2020. urteko zenbatekoaren antzekoa izango da, ordenantza fiskal gehienak izoztu baitira.
Atal honen barruan kontuan hartu behar diren hainbat datu daude. OHZaren eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren erroldak murrizteagatik, aurten 333.000 euro gutxiago biltzea espero da, kasu honetan La Navalen industria-jarduerarik ezaren ondorioz.
Alabaina, ia 600.000 euro gehitzea espero da, Ibarzaharra eta Sestao Bain lurzorua hirigintzaren ikuspegitik kudeatzeari esker. Nolanahi ere, bi eremu horiek garapenean murgilduta daude.
Datu positibo horrek Hirigintza Arloan egindako kudeaketa azpimarratzen du. Hala, arloak egindako lanari eutsiz, 2 milioi euro baino gehiago eskuratzea espero da, Txikito bidean lursaila saltzeagatik eta Ibarzaharra kudeatzearen ondorioz sortutako hirigintza-aprobetxamenduengatik.
Halaber, aurrekontuetan nabarmendu behar dira 2,3 milioi euro, inbertsio-proiektuak batera finantzatzeko, Gobernu Taldeak beste administrazio batzuekin negoziatu ostean. Horrenbestez, partida horretan sartu dira Ur Partzuergotik, Eusko Jaurlaritzatik, Interbiak erakundetik eta Europar Batasunetik etorritako baliabideak.
Gastuak
Aurten diru-sarrera arruntak murriztuko dira, beraz, modu berean, Udalak gastu arruntei eutsi eta egungo zorra murriztearen aldeko apustua egin du.
Beste urte batez langileen kapitulua izango da gastu-partidarik garrantzitsuena Udalean. 18,7 milioi euro gastatuko dira, hau da, aurrekontuaren % 42. Hurbil doa ondasun arrunt eta zerbitzuetan gastua. 15 milioi euro eramango ditu, hots, aurrekontuaren % 34.
Inbertsioen kapituluak 7,8 milioi euroko partida ekonomikoa izango du, aurrekontuaren % 17,8, batetik, hiri-bilbea hobetzen jarraitzeko eta, bestetik, tokiko administrazioa digitalizatzeko. Partida honi esker, talde politiko guztiek COVID Osteko Batzordearen esparruan adostu duten inbertsio-plana finantzatuko da.
Ildo horri jarraiki, 7,8 milioi euroko zenbatekoa aintzat hartuta, joan den urteko datuarekin alderatuz gero, 2,8 milioi euro gehiago dira. Nolanahi ere, martxoan alarma-egoera aitortu zenetik, Udalaren diru-sarrerak murriztu eta gastuan lehentasunak aldatu zirela eta, zuhurtziaren irizpideetan oinarrituta, inbertsio gehienak atzeratu egin ziren.
Pertsonekin konpromisoa oso lau arlo garrantzitsuren bitartez gauzatuko da eta aurrekontu guztiaren % 40 hartuko dute: Gizarte Ekintza eta Adinekoak (% 16,49), Herritarren Segurtasuna (% 10,72), Hezkuntza (% 6,29) eta Enplegua nahiz Ekonomia Sustapena (% 4,94). Guztiak batuta 12,1 milioi euro dira.
Ekitaldi honetan zehar, Udalak eskatutako bi mailegu kitatuko ditu. Bat La Benedictara sartzeko bide berria egite aldera erabili zuen eta bestea Amador Palma eta Portopin aparkalekuetan garaje-partzelak erosteko.
Egoera ekonomikoa onbideratuta dagoenez, 3 milioi euroko kreditu-eragiketa berria onetsiko da eta inbertsioen zati bat ordaintzera bideratuko da.
Zuzenketak
Gobernu Taldeak Ogasun Batzordean eta COVID osteko Batzorde Berezian alderdi politiko guztiekin negoziatu ondoren, aurrekontuak oposizioko taldeek aurkeztu dituzten 18 zuzenketa ditu eta guztira 178.600 euro dira. Horietatik zazpi PSE-EEk, beste zazpi Podemos Equok eta lau EH Bilduk aurkeztu dituzte.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/03/30
BERRIA
2026/03/27
BERRIA
2026/03/25
BERRIA
2026/03/11
Berri ikusiagoak...
BERRIA
2025/10/09
BERRIA
2025/11/07

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























