SESTAO

Prentsa Aretoa

2020/10/13

Udalak dirulaguntzaren bitartez Sestaoko Boleibol Kluba babestuko du emakumeen Superliga 2 txapelketan jarraitzen duela bermatzeko

Udaleko Kirolen Zerbitzuak klub berde-beltzari lagunduko dio hurrengo hiru denboraldietan

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak laguntza ekonomikoa emango dio Sestaoko Boleibol Klubari, batetik, bere kirol-proiektua babesteko eta, bestetik, Superliga 2 bezalako kategoria garrantzitsuan emakumeen ekipo seniorraren jarraipena bermatzeko.

Jardueren memoria, egoera ekonomikoa eta etorkizuneko beharrak ezagutzeko erakunde berde-beltzeko zuzendariekin hainbat bilera izan ondoren, Udalak Sestaoko Boleibol Kluba babestea erabaki du. Xede horrez, joan den asteburuan hasi zen 2020-2021 denboralditik hasita, hurrengo hiru denboraldietan dirulaguntza emango dio. Ekimena Udalbatza Osoak berretsi zuen joan den irailean egindako bilkuran aldeko 16 botorekin (EAJ-PNV eta PSE-EE), 3 abstentziorekin (EH Bildu) eta bakarrik aurkako bi botorekin (Podemos-Equo).

Erabakia hartzeko orduan, Udaleko Kirol Zerbitzuak kontuan hartu du Sestaoko Boleibol Kluba oso errotuta dagoela udalerrian eta emakumeen kirolaren barruan erreferentzia nagusi dela, bai Sestaon, baita Bizkaiko Lurralde Historikoan ere. Zerbaitegatik 2019-2020 denboraldian 180 fitxa baino gehiago izan zituen benjamin kategoriatik senior kategoriara arte eta partaide gehienak emakumeak ziren.

Halaber, beste faktore garrantzitsu bati erreparatu zaio: Superliga 2 izenekoan ordezkaritza duen Euskadiko talde bakarra dela eta jokalariak Sestaon eta inguruneko klubetan trebatu direla. Are gehiago, 2. Maila Nazionalean diharduen bigarren taldea du. Azkenik, bere eskolaren bitartez harrobia sustatzeko egiten ari den lan garrantzitsua ezin daiteke ahaztu.

Gainera, klubak hondartzako boleiboleko txapelketetan parte hartzen du eta bere jokalariek Bizkaiko eta Euskadiko hainbat txapelketa lortu dituzte, Estatuko txapelketetan parte hartzearekin batera eta horietan ere beren lana ez da makala izan.

Arrazoi horietatik guztietatik abiatuta, Udaleko Kirol Zerbitzuak, kirol-jardunaren sustatzailea den neurrian, Sestaon boleibolaren kirol-modalitateak egun duen mailari eutsi nahi izan dio, beraz, jarduera sustatzeko ezinbestekotzat jotzen du Superliga 2 txapelketan senior taldea mantentzea, Sestaoko ehunaka neskentzat, baita Euskadiko boleibolarentzat ere, erreferentzia baita.

Udalerriko alkateak, Josu Bergarak, gogorarazitakoaren arabera, Sestaoko Boleibol Klubak azkeneko urteetan oso lan serioa egin du Superliga 2ra iristeko eta kategoria horretan gelditzeko. Aurrekoari eutsiz, “alde batetik, Udalaren helburua emakumeen kirolari laguntzea da eta, bestalde, Sestaoko Boleibol Taldea talde historikoa da eta une honetan bere kirol-proiektuarekin jarraitzeko laguntza pixka bat behar du. Horiek biak kontuan hartuta, egokitzat jo dugu bi erakundeen artean lankidetza estutzea, taldeak helburuak lortzeko borrokan jarrai dezan”, aipatu du alkateak.

Hala, Sestaoko Boleibol Taldeak Sestaoko Udalarekin lortutako lankidetza-akordioari buruz oso balioztapen positiboa egin du, horri esker erakundeak “koltxoi ekonomiko nahikoa izango baitu gutxieneko bermeekin Superliga 2 txapelketan denboraldian funtsezko gastuei aurre egiteko”.

“Oso aliantza positiboa da. Oso lagungarria da guretzat. Pixkana muskulu ekonomikoa egiten joango gara eta ez dugu zalantzarik izango denboraldiari aurre egiteko orduan lehian jarduteko gutxienekora iritsiko garen. Superliga 2ko taldea mantentzeaz gain, gure konpromisoa da oinarrizko taldeekin Erkidegoan lehian aritzea eta Estatuko txapelketetarako sailkatzen bagara, arrazoi ekonomikoengatik ez uko egitea. Oso pozik gaude. Nahiz eta gaur egun ziurgabetasun-egoeran bizi garen, akordio hau lortu dugu eta urrats garrantzitsua da klubarentzat”, azpimarratu du Sestaoko Boleibol Klubeko presidenteak, César Ruizek.

Lagun Artea eta Xake Klubari laguntza

Bestalde, Udaleko Kirolen Zerbitzuak laguntza ekonomikoa eman die Lagun Artea Pilota Klubari eta Sestaoko Xake Klubari, biek, bakoitzak bere modalitatean, Espainiako Txapelketan parte har dezaten. Hala, Udalak txapelketa garrantzitsuetan udalerriak ordezkaritza izan dezan bermatzen du.