SESTAO

Prentsa Aretoa

2019/12/30

Sestaoko Udalak 2020rako 42 milioiko aurrekontua onetsi du

Kontu publikoek gizarte-politikak sendotuko dituzte eta inbertsioak finantzatzera diruaren % 16 gehiago bideratuko da

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak 2020ko aurrekontua onetsi du gaur egindako osoko bilkuran, beraz, udalbatzak ekitaldi berriari kontu eguneratuekin ekingo dio. Hala, zerbitzu publiko guztiak eskaintzen direla bermatuko du eta, aldi berean, udalerria hobetzen laguntzeko proiektu berriei aurre egingo die.

2020ko aurrekontua 42.048.724 eurokoa izango da, hortaz, 2019. ekitaldikoarekin alderatuz gero, % 7,8 igoko da. Gorka Álvarez udal-bozeramaileak azpimarratutakoaren arabera, kontuek “gobernu-taldearentzat funtsezkoak diren gaiak kontuan hartzen dituzte, hala nola udalerriko auzoak eta azpiegiturak hobetzea, herritarren segurtasuna, gizarte ekintzako, adinekoen eta ekonomia jarduera nahiz enpleguaren politikak garatzea”.

Segurtasun eta Ordena Publikoaren programak honako berrikuntza nagusiak ditu: urtearen erdialdean 12 udaltzain berri hartuko dira. Nolanahi ere, horiek gaur egun Arkauteko Ikastegian trebatzen ari dira. Horrez gain, segurtasun-kamera berriak instalatuko dira.

Gizarte-programek ere aurrerapauso garrantzitsuak emango dituzte, besteak beste, lehen mailako gizarte-laguntza. Izan ere, 3,6 milioi eurorekin aurrekontua % 7,6 igoko da, 2019. urtekoarekin erkatzen badugu. Halaber, inoiz baino diru gehiago, 2,8 milioi euro, alegia, izango du Juan Ellacuría Udal Egoitzak. Ildo horri eutsiz, aurtengotik % 6,9 haziko da.

Inbertsioen partida 5 milioi eurokoa suertatuko da, hau da, 2019. urtean baino %16 gehiago. Horietatik bi partida nabarmen daitezke: Las Llanas Zumartegia kaleko urbanizazio-obrak behin betiko hasten utziko duena eta Galindoko kirol-instalazioetan lehenengo jarduerak bultzatuko dituena. Era berean, gobernu taldeak 250.000 euro esleitu ditu aurrekontu parte-hartzaileen prozesu berria garatu eta diru horrekin proposatzen diren proiektuak nahiz herritarrek bozkatutakoak finantzatzeko.

Enpleguaren arloan azpimarratzekoa da aurrekontuak milioi euroa duela enplegu-planetarako eta 558.000 euroko partida Behargintzarako. Azkenekoa, joan den urtekoarekin alderatuz gero, % 11 hazi da.

Gastuei dagokienez, langileen kapituluak 42 milioi euroren 18,6 eramango ditu, hots, aurrekontuaren % 44 eta langileen ordainsariak % 2 igoko dira.

Zerbitzuak (bide-garbiketa, zabor-bilketa, herri-argiak, eraikin publiko eta ikastetxeen mantentze-lanak, etab.) eskaintzeko 15,6 milioi euro beharko dira, hain zuzen ere, aurrekontuaren % 37.

Amaitzeko, aurrekontuak 1,5 milioi euroko kreditua eska dadin ateak zabalik uzten ditu. Helburua udalerrirako estrategikotzat jotzen den proiekturen bat finantzatzea izango da.

PSE-EE taldearekin 13 zuzenketa adostu dira

Nahiz eta gehiengo osoarekin gobernatzen ari den, gobernu-taldeak (EAJ-PNV) bilerak antolatu ditu oposizioko talde guztiekin akordioa lortzeari begira, aurrekontuan zuzenketen zati bat sartzearen truke.

Aurrekoari eutsiz, udal-gobernua PSE-EErekin akordiora iritsi da aurrekontuan 13 zuzenketa sartzeko (332.500 euro):

  • 10.000 euroko transferentzia UNEDi Sestaoko biztanleen prestakuntza-lanetan laguntzeko.
  • 1.600 euroko transferentzia Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioari, 2020ko kuota baita.
  • 3.700 euroko dirulaguntza Alaitasuna abesbatzari, berdintasunaren aldeko jarduerak egin ditzan.
  • 4.700 euroko dirulaguntza Rebonza Txirrindularitza Elkarteari, ikastetxeetan txirrindularitza eta bide-heziketaren eskola gara dezan.
  • 2.500 euro Sestaoko udalerrirako sarbideetan jarduera sexisten aurkako bide-seinaleak instalatzeko.
  • 2.000 euro pintura-lehiaketarekin jaietan zehar Sestaon pintura-jarduera sustatzeko.
  • 10.000 euro udan zinema-emanaldietarako.
  • 19.000 euro Arturo Campión kalean igogailuaren proiektua egiteko.
  • 170.000 euro Santiago Grassa kalea urbanizatzeko.
  • 44.000 euro Buenavista kaleko berrikuntza-proiektua egiteko.
  • 15.000 euro Juan de la Cierva kalean irisgarritasuna hobetuko duen proiektua gauzatzeko.
  • 30.000 euro La Benedictako kanpoko igerilekuan estalki eramangarriaren proiektua burutzeko.
  • 20.000 euro asteburuetan ikastetxeetako jolastokiak irekitzeko proiektu pilotuarekin jarraitzeko.

EH Bilduri gobernu-taldeak aurrekontuan bere 24 zuzenketetatik 13 sartzea (% 54) proposatu zion eta guztira 312.200 euro ziren. Dena den, taldeak proposamena ezetsi du.

Elkarrekin Podemos-Equo udal-taldeari dagokionez, gobernu-taldeak aurrekontuan 46 zuzenketetatik 26 sartzea (% 56) eta 280.000 euro gastatzea proposatu zion, baina taldeak akordioa ezetsi du.

Ondorioz, 2020ko aurrekontua EAJ-PNV taldearen aldeko botoekin, PSE-EE taldearen abstentzioarekin eta EH Bildu nahiz Podemos-Equo taldeen aurkako botoekin onetsi da.

Gorka Álvarezek eskerrak eman dizkie talde politiko guztiei aurrekontu berria onesteko prozesuan egindako lanarengatik eta bere esanetan, urte guztian zehar gobernu-taldearen ateak zabalik egongo dira EH Bilduk eta Podemos-Equok beren iritzia aldatu ondoren, zuzenketetan lan egin eta akordioa lortu nahi izanez gero.

Aurrekontuak dituen inbertsio nagusiak

  • Galindoko kirol-instalazioak berritzea: 1.244.853 euro.
  • Las Llanas zumartegia berriz urbanizatzea: 1.000.000 euro.
  • Hilerrian kolunbarioak eraikitzea: 260.000 euro.
  • Mendietako polizia-etxea berritzea: 250.000 euro.
  • UU6.2 ACB (Txabarriko mendi-mazelak) berritzea: 170.000 euro.
  • Sestao Baiko parkingean kalteak konpontzea: 155.358 euro.
  • Udal-liburutegia egokitzea: 142.000 euro.
  • Elizako parkean bideak egokitzea: 135.000 euro.
  • El Ferial parkingaren zoladura eta pintura: 120.000 euro.
  • Asfaltatzea: 100.000 euro.
  • Haurrentzako jokoak eta adinekoentzako aparatuak hobetzea: 100.000 euro.
  • Irisgarritasuna auzoetan: 80.000 euro.
  • Urbano Ruiz Laordenen saneamendua: 80.000 euro.
  • Skate-pista hobetzea: 50.000 euro.
  • Segurtasun-kamerak: 40.000 euro.