Prentsa Aretoa
2019/09/19
Las Llanas futbol zelaiko argiztapena berritzeko kontratua gutxi barru lizitatuko da
Proiektuak 228.000 euroko aurrekontua dauka. Lanak 2020an hastea espero du Udalak
Sestaoko Gobernu Batzordeak iragan asteazkenean onartu zuen Las Llanas futbol zelaiko argiztapen-sistema berritzea helburu duten lanen lizitazioa. Hala, datozen egunetan interesa duten enpresek eskaintzak aurkeztu ahal izateko epea irekiko da. Hizpide dugun jarduera horretan, nahiko zaharkituta dauden zelaiko argiztapen-dorreak modernizatuko dira, energia-efizientziako eta segurtasuneko irizpideei jarraikiz. Kontratuaren irteerako tasa 228.000 euro izango da, eta egikaritzeko epea, berriz, 120 egun natural.
Udala azken urteotan kirol-instalazio hori modernizatzeko plan batzuk garatzen ari da, eta proiektu hori plan horien barruan sartzen da, helburuak direla argiztapen-instalazioak eraberritzea, energia-kontsumoa arrazionalizatzea, argiztapenaren kalitate bisuala handitzea eta argiztapen-instalazioaren segurtasuna handitzea, pertsonei zein ondasunei dagokienez.
Gobernu-taldeko bozeramaile Gorka Álvarezek prentsaurrekoan azaldu duenez, jarduketa horren bidez “futbol-zelaia argiztapen-sistema moderno batez, energia-efizientziako parametro berriekin bat datorren argiztapen-sistema batez hornitu nahi dugu; izan ere, gaur egungo sistema zaharkituta dago, energia-kontsumo handia dauka eta, gainera, azken hilabeteetan sustoren bat edo beste eman digu”.
Las Llanas futbol-zelaiaren dimentsioak 102 metroko luzera eta 64 metroko zabalera dira. Zelaia argiztatzeko 26 metroko garaiera duten lau dorre erabiltzen dira; dorre horietan guztira metalezko 49 lanpara halogeno daude instalatuta, 2.000 watteko potentziarekin. Instalazioen jabe den Sestao Kirolak erakundeak egindako kalkuluen arabera, argiak astean 7 orduz egoten dira piztuta, eta horrek urtean 350 ordu egingo lituzke.
Estatuko eta nazioarteko lehiaketetarako argiztapena
49 lanpara halogeno horien ordez 1.314 watteko 32 LED proiektagailu instalatuko dira –dorre bakoitzean zortzi–; horri esker, % 62ko energia-aurrezpena lortuko da argindarraren kontsumoan, argi-sortari ezertan ere kalterik egin gabe. Hain zuzen ere, Las Llanasen instalatuko diren argiek 1. motako katalogazioa daukate, mailarik handieneko lehiaketetarako, adibidez nazioarteko zein estatuko lehiaketetarako.
Burutu behar den proiektuak zaharkitzearen ondoriozko arazoak konponduko ditu, baina horiez gain, beste arazo batzuk ere bai, ekipamenduen mantentze-lanarekin eta energia-kontsumoarekin lotutakoak, alegia. Adibidez, aurrerantzean Sestao Kirolakeko operarioek ez dute izango zertan igo dorreen goiko alderaino, gorabehera txikiak konpontzeko. Hori lortuko da dorreen behealdean aginte-taula bat instalatuko delako; izan ere, egin beharreko konponketak aginte-taula horretatik egin ahalko dira. Kontuan hartu beharreko beste gauza garrantzitsu bat da sistema berri horri esker argiztapenarekin jokatu ahalko dela, zelaiaren alde jakin batzuk argiztatzeko (imajina dezagun talde batek zelai erdia soilik behar duela entrenatzeko); gaur egungo sisteman, aldiz, argi guztiak piztu edo itzali ahal dira, besterik ez; beraz, horrek on egingo dio energia-aurrezpenari.
Obrak 2020aren hasieran hasiko dira egikaritzen
Álvarezek esan duenez, jarduketa horrek Las Llanas futbol zelaia erabiltzen duten bi taldeen, Sestao Riverren eta San Pedro Kirol Elkartearen oniritzia dauka. Epeei dagokienez, zinegotziak espero du 2020aren hasieran lanak hasi ahalko direla.
Argiztapenaz gain, Sestaoko udalak aurreikusita dauka gutxi barru Lehentasuneko aldean dauden komunak zaharberritzea; horretarako 91.500 euroko partida ekonomikoa prestatuko du aurtengo, 2019ko Aurrekontuan. Las Llanas futbol zelaiaren erabiltzaileek askotan eskatu dute hori egiteko, eremu hori egoera kaskarrean dagoelako. Lehiaketara lau enpresa aurkeztu dira, eta haien eskaintzak aztertzen ari dira jada, obrak ahalik eta lasterren esleitzeko.
Azken urteotan hainbat gauza hobetu da zelaian, adibidez Tribuna nagusiko jesarlekuak aldatzea, aulkiak berritzea, Lehentasuneko aldeko harmailan irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea eta megafonia-sistema berria instalatzea.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/19
BERRIA
2024/11/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/06/24
BERRIA
2024/05/14