SESTAO

Prentsa Aretoa

2019/07/04

Langabezia tasa Sestaon % 18tik (% 17,7) jaitsi da lehenengoz hamar urtetan

Udalak bi enplegu plan jarriko ditu abian udaren ondoren eta 1,3 milioi euro inbertituko ditu ehun pertsona kontratatzeko

rss Ezagutzera eman
Langabezia tasa Sestaon % 18tik (% 17,7) jaitsi da lehenengoz hamar urtetan

ARGAZKIA JAITSI

Enpleguaren sorrerak sendotasun-seinaleak ageri ditu eta, ondorioz, Sestaon datuak oso positiboak dira. Azkeneko hamarkadan lehenengoz udalerriko langabezia-tasa % 18ren azpian kokatu da. Berri hori udalak ospatu du eta bere aginpideetatik lanean jarraituko du azkeneko urteetako beheranzko joera horri eusteko.

Lanbidek bere web orrian argitaratutakoaren arabera, Sestaok ekaina 2.267 langabeturekin amaitu du, beraz, maiatzean baino 49 pertsona gutxiago eta 2019. urtearen hasieran baino 179 gutxiago dira. Jaitsiera horri esker, udalerriko langabezia-tasa % 17,7n kokatu da. Izan ere, kopuru hori 2009. urtean eman zen azkenekoz.

Udalak positiboki balioetsi du datu hori, 2014. urteaz gero gertatzen ari den beheranzko joera finkatzen baita. Urte hartan langabezia-tasak krisiko daturik okerrena izan zuen, hain zuzen, % 25. Hala eta guztiz ere, nahiz eta berriak onak diren, udala jakitun da kopurua oraindik altua dela, bere inguruneko beste udalerri batzuekin alderatuz gero; horregatik, enplegua sortzeak legealdi honetan gobernu taldearen lehentasun gorena izaten jarraituko du.

Enpleguaren arloan udalak aginpide gutxi izan arren, “gure esku dagoen guztia egingo dugu hurrengo urteetan langabetuen kopurua jaisten jarraitzeko” ziurtatu du udalerriko alkateak, Josu Bergarak.

Ildo horri jarraiki, alkateak udaren ondoren bi enplegu plan abian jarriko direla iragarri du. 1,3 milioi euroko inbertsioa egingo da eta ehun pertsona kontratatuko dira.

“Ohiko enplegu planari, urtero Lanbiderekin batera antolatutakoari, aurten bigarren enplegu plana erantsiko diogu. Nolanahi ere, Sestaok Eusko Jaurlaritzaren ohiz kanpoko ekarpen ekonomikoa jaso du, udalerri gutxietsia den neurrian, eta Ezkerraldea nahiz Meatzaldea Suspertzeko Planetik dator”, azaldu du alkateak.

Lehenengo programak 50 pertsonen zuzeneko kontratazioa sustatuko du eta 844.000 euro gastatuko dira. Bigarren proiektuak 18 pertsonen zuzeneko kontratazioa eta kontrataziorako laguntzen plana konbinatuko ditu. Azkenekoa enpresetara zuzenduta dago eta guztira 40 pertsona izango dira. Xede horrez, aurrekontua 506.000 eurokoa da.

Aldi berean, udalak lanean dihardu proiektu estrategikoak garatzen, enplegua sortzeko, hala nola, Ibarberria enpresa-gunea eta Sestao Bai enpresa-parkean ezartzeko enpresa berriak bilatzea.