SESTAO

Prentsa Aretoa

2019/01/28

Sestaok otsailean ekingo die Iberia hobetzeko obrei 300.000 euroko inbertsioarekin

Udalak kale horretan egingo dituen lanen barruan, arrapala mekanikoak eta urbanizazioa modernizatzea aurreikusi da

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udalak 302.263 euroko inbertsioa egingo du Iberia kalea hobetzeko bi jarduketa-lani ekiteko. Modu paraleloan hasiko dira biak, otsailean, eta gutxi gorabehera hiru hilabetekoa izango da lanak amaitzeko epea. 

Lehenengo proiektua lau arrapala mekanikoen fidagarritasuna hobetzean datza. Thyssenkrupp Elevadores enpresari esleitu zaio obra, 143.385 euroko zenbatekoan, eta Eusko Jaurlaritzak 100.000 euroko diru-laguntza eman du, Partido Popularrek Eusko Jaurlaritzaren 2018. urterako aurrekontuari aurkeztu dion zuzenketaren ondorioz. Bigarren obran, urbanizazioa bera eraberritu eta modernizatuko da Txabarri eta Bide Nagusia kaleen arteko tartean. Horlasa enpresari esleitu zaio obra, 158.878 euroko zenbatekoan. 

Josu Bergara Sestaoko alkateak gogorarazi duenez: “Sestaon kale historikoa da hori, Txabarri eta udalerriko erdigunea lotzen dituen kale nagusia, neurri batean hiri-merkataritzari eusten diona. Jarduketa horren helburua da Udalaren itxura modernizatzea eta itxuraberritzea. Horretarako, azken urteotan hiri-elementuak higatzearen ondorioz sortu diren akatsak zuzenduko dira”.

Goiko bi arrapala mekanikoak 2003. urtean instalatu zituzten; beheko bi arrapalak, berriz, 2005. urtean. Horrenbestez, 14 urte inguru dituzte, egunean 16 orduz martxan egonik, urtean 365 egun. “Gauzatuko dugun proiektuak funtzionamenduaren fidagarritasuna hobetzea du helburu, baita matxurak gutxiagotzea, eta segurtasuna nahiz estetika hobetzea ere” azaldu du Obrak eta Herri Bideen Mantentze-lanetako zinegotzi Leire Fernándezek.

Teknikariek arrapalak zer egoeran dauden aztertu ondoren, neurri hauek jarriko dituzte martxan:

FIDAGARRITASUNA HOBETZEKO EKINTZAK

Behar bezalako funtzionamenduan eragin dezaketen piezak aldatuko dira; hau da, nolabaiteko lasaiera eta gabeziak dituzten piezak, haien bizitza erabilgarria agortu ez bada ere. Aurretiaz aldatuko dira.

Ildo horretan, behetik gora joanez, 1 zenbakiko arrapalan, eskudeleko trakzio-katea, kate nagusia eta bi eskudelak aldatuko dira. 2 zenbakiko arrapalan, eskudeleko trakzio-katea, trakzio-kate nagusia eta bi eskudelak aldatuko dira. 3 zenbakiko arrapalan, bi eskudelak aldatuko dira. Azkenik, 4 zenbakiko arrapalan, trakzioko kate nagusia, eskudeleko trakzio-poleak eta frikzio-uhalak berrituko dira. Aipatutako guztiaz gain, arrapalak martxan egoteko garrantzitsuak diren pieza txikiagoak ere berrituko dira.

SEGURTASUNA HOBETZEKO EKINTZAK

Udalak gelditzeko botoiak jarriko ditu arrapala-tartearen erdian, Eskailera mekanikoen eta nasa mugikorren segurtasunari buruzko EN115-2 arauak agintzen duen bezala. Era berean, argiztapena jarriko da nasan, gaueko ordutegian instalazioaren alde mugikorreko ikusgarritasuna hobetzeko asmoz. Beraz, erabiltzaileen zirkulazioan segurtasuna hobetuko da. Proiektuan, era berean, arrapalaren ibilbidearen hasieran eta amaieran kolore deigarria izango duten hainbat pegatina jartzea aurreikusi da, erabiltzaileek ikusgarritasun hobea izan dezaten. Azkenik, nasako fotozelula-sistema sendotuko da.

ESTETIKA HOBETZEKO EKINTZAK

Atal honen barruan, zokalo-muturreko piezak aldatuko dira, baita alboko txapak eta urbanizazioaren akaberako piezak ere; izan ere, kalteak dituzte eta korrosioa eragiten hasiak dira. Horrez gain, arrapalak sakon garbituko dira, kanpoan egotean, zikinkeria asko hartzen dute eta.

Kalea eraberritzeko eta modernizatzeko proiektuari dagokionez, Udalak galtzada eta ondoko aparkalekua (lehen zinema zegoen lekuan) asfaltatuko ditu. Era berean, egoera txarrean dauden hiri-altzariak eraberrituko dira; besteak beste, farolak eta jardinerak. Egingo diren lanen barruan, arrapala mekanikoak eta galtzada banatzen dituzten metalezko zutabeak kentzea aurreikusita dago. Horien ordez, hormigoizko hainbat hormatxo eraikiko dira. Espaloietan, egon daitezkeen kalteak konponduko dira eta, Txikito Bidean, metrora sartzeko ingurua itxiko da, zonaldearen itxura hobetzeko.