SESTAO

Prentsa Aretoa

2018/12/14

Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak erronka berriei ekingo diete Txabarri leheneratzeko

Udalbatza Osoak BBPNren 4. aldaketa onartu du, etxebizitza berriak eraikitzeko, eremu publikoak berriz urbanizatzeko eta auzo-berokuntza jartzeko

rss Ezagutzera eman
Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak erronka berriei ekingo diete Txabarri leheneratzeko

ARGAZKIA JAITSI

Sestaoko Udalak Txabarri-El Sol Auzuneko B.I.E.-ren Birgaitze Integratuko Plan Bereziaren (BIPB) 4. aldaketa onartu zuen abenduan; hau da, inguru hori leheneratzeko ibilbide-orri gisa erabiltzen den dokumentua.

Ekonomia, gizarte, hirigintza eta ingurumen iraunkortasunaren egungo egoeretara egokitzeko beharrak bultzatuta aldatu da BIPB. Alderdi praktikotik begiratuta esan nahi du dokumentu berri honek argi berdea emango duela jarduketa-eremu horretan etxebizitza berriak eraikitzeko, eraikitako ondarearen artean dauden espazio publikoak berriz urbanizatzeko eta auzoan berokuntza-sistema jartzeko, district heating ere deritzona.

BIPBren 4. aldaketa horrekin, Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak zeregin berriak izango dituzte, eta, horrenbestez, Sestao Berrik ere bai, Txabarrin birgaitze-proiektuak kudeatzeko bi erakundeek sustatutako sozietate publikoa den heinean.

Etxebizitzaren arloan, esaterako, honako hauek eraikitzea aurreikusita dago: 12 etxebizitza Txabarri kaleko 67. zenbakian; beste 12, Orixe kaleko 6. zenbakian; 16, Txabarri kaleko 47 eta 49 zenbakietan; 14, Los Baños kaleko 41 eta 43 zenbakietan, eta 14, Okillo inguruan.

Urbanizazio berriei dagokienez, akordio horrek hiru proiektu garrantzitsu bultzatuko ditu: Karrantza kalea eraldatu, eta parke txiki bat eraikitzea; Vicente Díez parkea berriz urbanizatzea eta irisgarritasuna hobetzea, igogailu bat instalatuz; eta, azkenik, Txabarri eta Orixe kaleen artean dagoen hegala urbanizatzea. Azken horretan ere igogailua jartzea aurreikusita dago, inguruko irisgarritasuna hobetzeko.

Horrez gain, nobedade gisa, auzo-berokuntza (district heating delakoa) jarriko da. Hala, ur beroa eta berokuntza izango dute sistema horri lotuta dauden auzoko eraikinek. Galdara pelletak errez jarriko da martxan, eta Vicente Díez parkearen zorupean egongo da. Handik aterako dira etxeetara beroa eta berokuntza eramango duten hodiak. Lehen fase gisa, Txabarri, Los Baños, Juan Crisóstomo Arriaga eta Bariega kaleetan dauden higiezinetan jarriko da auzo-berokuntza hori. Modelo hau Gasteizko eta Donostiako hainbat auzotan instalatzen ari dira, eta hauek dira abantaila nagusiak: kutsadura gutxiago eragiten dute eta erabiltzaileen kontsumoa murriztu egiten da.

Bestalde, BIPBren laugarren aldaketa horrek inguruko bizilagunentzat interesgarriak diren beste alderdi batzuk ere hartzen ditu barne. Esate baterako, igogailu komunitarioak jarriko dituzte Los Baños kaleko 53, 55 eta 57 zenbakietan, Arkudun Etxearekin elkartzen diren etxebizitzen atzeko patioan. Era berean, teilatupeko solairuen erabilera eta bizigarritasuna arautuko da; beraz, teilatupean bizi diren pertsonen onerako izango da.

Era berean, nabarmentzekoa da auzoaren funtsari eusteko fatxada eta partzelen babesa areagotu egin dela, eraikinak birgaitzeko obra berriei ekin zaie eta.